Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

Pablo Bilbao abadeari buruzko liburuaren aurkezpena Bilboko liburu-azokan

created by Datorren zapatuz, arratsaldeko seietan |
|   Komunikazinoa

Seve Calleja idazleak ‘Memoria Argitaraezinak – Memorias Impublicables’ liburua aurkeztuko dau datorren zapatuz, urriak 10, arratsaldeko seietan, Bilboko liburu-azokan. On Pablo Bilbao Aristegui Eleizbarrutiko abadearen artikulu laburrak jasoten dira liburuan. Ezagutu eban eta bere adiskidetasunaz “gozatu” eban Sebas Garcia Trujilloren esanetan, abade “polifazetiko eta berezia” izan zan. Bere eragina antzeman zan Bilboko eztabaida-leku erlijioso eta kulturaletan XX. gizaldian zehar.

1915ean Bilbon jaio eta 2002an hil zan abadea Doktore izan zan Zuzenbidean, San Fernando Arte Ederretako Errege Akademiako akademiko urgazle eta Bilboko Alkarte Filarmonikoko Batzordeko kide. Artikulugile lez be ospea izan eban eta kultura munduko pertsonalitate ospetsuen adiskide izan zan, esate baterako, Jesus Guridirena, Jesus Arambarrirena, Andres Isasirena eta Juan Ramon Jimenez eta Blas de Otero idazleena.

Seve Calleja idazleak koordinatutako liburu honetan, abadearen artikuluez gainera, berau ezagutu eta miretsi eban hainbat lagunek idatzitako aitamenak be irakurri daitekez. Sebas Garcia Trujillo Eleizbarrutiko Teologia eta Pastoraltza Institutuko (ETPI) laguntzaileak idatzitakoa, besteak beste. ‘Alkarren Barri – Comunicación’ eleizbarrutiko aldizkariaren azken alean idatzitako aitamenean esandakoaren arabera, “On Pabloren oroimenari bizirik eutsi gura deutsagu eta norbaiten gogoa biztu, lan mamintsuagoa idatzi daian”.