Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

Otxarkoaga zentroa, lehenengo kalitate saria hezkuntza orekatzailean

|   Komunikazinoa

Otxarkoaga Heziketa Zentroak Hezkuntza eta Zientziarako Ministerioak, arazo akademiko eta/edo soziokulturalengaitik sortutako gizarte desbardintasunak orekatzera zuzendutako hezkuntza orekatzailean emoten dauan lehenengo kalitate saria lortu dau. Maiatzean emongo deutsoe saria Enrique Zabala zentroko zuzendariari.

Hezkuntza orekatzaileak ikasleen alderdi pertsonala, autoestimua, bizikidetasuna, hartuemonak, errespetua, e.a., lantzen ditu batez ere. Horretarako funtsezkoa da irakasleen hurkotasuna, ulermena eta laguntasuna eta ikasleen beharrizanei ahalik eta gehien egokitutako egitaraua eskeintzea, ikasleak hor eroso egon daitezan eta aurrera egin dagien, ikasten jarraitzeko edo lanean hasteko aukerea emongo deutseen gaitasunak lortuz.
Baten bat, desbardin izateagaitik –atzerapen akademikoa, minusbaliotasunen bat edo beste desbardintasunen bat-, eriaz erakusten dogunean egin behar doguna zailtasun horreek orekatzen saiatzea da, PERTSONA sentitu daiten eta gizarteak PERTSONA lez onartu dagian. Horregaitik zentroan, honako ikasleak eta ezelango gabeziarik ez daben ikasleak alkarregaz bizi dira, bigarrenak lehenengoen erreferente diralarik.
Otxarkoaga Heziketa Zentroaren lanak hiru euskarri ditu: ikasleak; pertsona bakoitza desbardina da, baina danek dabez euren gaitasunak. Egitaraua; emon deiogun behar dauana, ez gehiago ez gitxiago. Gizarteko aldaketei aurre hartzerik ez badogu, guitxienez arin jokatu eta aldaketa horreetara ahalik eta bizkorren moldatu eta ahalik eta arinen erantzun sortzen diran beharrizan barriei. Eta, azkenik, baliabide materialak eta giza baliabideak; ez teknologia zaharkiturik, ez gogoa kentzen dauan lekurik ezta ekipamendu didaktikoen gabeziarik ere, eta bai “behartsuenentzako esparrurik onenak”, horrela gustorago lan egingo dabelako, etekinak hobeak izango diralako eta, gainera, hobeto sentituko diralako. Baina zeozer nabarmentzekotan, giza baliabideak nabarmendu behar doguz, ikasleekin hartuemon zuzena daben pertsonak; euren egitekoa, eskeintza, konpromisoa, prestasuna... berba bakar batean jaso daiteke: BOKAZINOA.
Bide honetan, zentroko ikasleak, lanean edo ikasten, erabat gizarteratuta ikustea dan “sari potoloaz” gain, “bigarren sariak” ere badagoz, hau da, Zentroak bere egitekoagaitik jasoten dituan autorpenak. Ikasturte honetan, Hezkuntza Orekatzaileko Egitasmoen Kalitatea saritzen dauan Hezkuntza eta Zientziarako Ministerioak lehenengo saria emon deutso elizbarrutiko ikastetxe honi. Iaz ere, Zentro honek ohorezko aipamena jaso eban zentro kontzertatuen kategorian, bialdutako txostenaren irakurketearen eta Madrileko Goi Mailako Hezkuntza Ikuskapenerako sailetik bialdutako ebaluatzaileen ikustaldiaren ostean.
“Guretzat, eguneroko lana ofizialki autortzea da, aurkeztutako txostenak ez ebalako egin beharreko egitasmorik jasotzen, gizarte desorekak dituan ikasleei arretea eskeiniz, zentroan jarduten daben gizon eta emakumeen lana eta eskeintza baino. Kontua ez da ikasketetan porrot egin dauanari, gizartean moldatu bakoari, gatazkatsuari, minusbaliatuari arretea emotea. Ez gara erreformatorioa eta, are gitxiago, 16 urtera arte ikasleak zaintzen dituan haurtzaindegia. Zentroan era guztietako ikasleak dagoz, gabeziaren bat dabenak edo ikasketa arruntak egin eta emaitza onak jadesten dabezan gabezia bakoak. Azken ikasle honeek dira aurrekoen erreferentea. Sari honek bide egokitik goazala berresten deusku eta, ondorioz, aurrera egin behar dogula gure ikasleei gero eta arreta hobea eskeiniz”, esan dau Enrique Zabala egunotan datorren ikasturterako matrikula epea zabaldu barri dauan Otxarkoaga Heziketa Zentroko zuzendariak.