Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

Otxandiok eleizaren erabarritzean laguntzen dihardu

|   Komunikazinoa

Herriko Santa Marina eleizako eleizpea konpontzeko dirua batzeko kanpaina jarri dabe martxan Otxandion. Ekimen honen suspertzaileek jaietan eta udaldi osoan batu gura dabe dirua hainbat jardueraren bitartez. Horrezaz gainera, internet bidez be dirua batzen hasi dira.

Kanpainaren arduradunek eleizarako sarrera konpondu gura dabe. “Urte askotan –azaltzen dabe- obra hau kolore ilunez estalita ezagutu dogu, baina, dirudienez, kapa horren azpian balio historiko eta artistiko handia dauan polikromia dago. Artelan apaingarri esanguratsu hau XVIII. Gizaldikoa ei da. Eraikinaren beste hainbat lekutan be ei dagoz polikromia aberatsak eta horreen konponketa beste batean egingo da”.

Nabarmentzen dabenez, jaso daitezan diru-kopuru guztiak garrantzitsuak dira eurentzat, “handi zein txiki izan, aldez aurretik eskerrak emoten deutseguz emoile guztiei”. “Crowdfunding” kanpainaren amaieran, irailean, jasoko dabez dohaintza-emoileek ‘sari’ batzuk (kamisetak eta kantuen liburuak). Beste batzuk, ostera, zelakoak diran kontuan hartuta, konponketa lanak amaitu ostean baino ezingo dira emon (obren prozesuari buruzko argitalpena eta bisita gidatua).