Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

Ondarea berreskuratu oroimena eratzeko

created by Eleizbarrutiko Artxibo eta Liburutegiak fondo barriak batzen dihardue |
|   Komunikazinoa

Eleizbarrutiko Liburutegi eta Artxiboaren egiteko nagusienetakoa, erakunde bietako arduradunek azaltzen dabenez, Bizkaiko parrokietako liburu eta agiriak jasotea eta gordetea da. 1976tik aurrera, Bizkaiko Eleizaren Historia Artxiboak hainbat parrokiatako fondoak gordeten ditu. Bere aldetik, Derioko ‘Seminarioa’ eraikinean kokatuta dagoan Liburutegiaren eginkizuna, besteak beste, parrokietako liburutegiak berreskuratzea da. Atzo, Anabella Barroso Eleizbarrutiko Artxiboko zuzendaria eta Jaime Lopez Egilaz Liburutegiko arduraduna Durangon izan ziran agiriak batzen.

Baina, ze prozesu jarraitzen da horretarako? Artxiboaren kasuan, 1976 eta 1980 bitartean, Pedro Ojanguren buru eban talde batek egin eban lehenengo bilketa eta, beranduago, 2000 eta 2004 bitartean, beste hainbat transferentzia egin zan (1900era arteko sakramentu-agiriak digitalizatzeko eta indexatzeko, eta 2018an beste bati ekin jakon Gogora Institutuaren laguntzagaz. “Transferentzia ‘programatuetan’, agiriak batzen dira eta parrokian geratzen diranen inbentarioa egiten da. Kasu batzuetan, Artxiboak edo Liburutegiak aurrea hartzen dabe eta, beste batzuetan, parrokiek eurek egiten dabezan eskari zehatzei erantzuten jake, honako gehienetan, parrokien ustez liburu eta agiririk zaharrenak hobeto dagoz-eta Artxiboan eta Liburutegian, holan errazagoa dalako zaintzea, gordetea eta jenteari ezagutaraztea”.

Kasu gehienetan, parrokoa lekualdatzea, parrokoaren heriotza edo parrokia, abadetxe eta lokaletan obrak egin behar izanak dakarre armairu eta gelak aztertzea. “Eta, askotan, bat-bateko tentazinoa dana kontainerrera eroatea izan badaiteke be, zorionez, arduradunek Artxibo edo Liburutegira deitzen dabe ia zer egin daiteken jakiteko. Horixe gertatu zan atzo, Durangotik deitu euskuen-eta”. Anabella Barroso Eleizbarrutiko Artxiboko zuzendaria eta Jaime Lopez Egilaz Liburutegiko arduraduna Durangon izan ziran, beraz eta euren esanetan, “beti lez, oraingoan be aurkitu dogu altxor txikiren bat. Liburu zaharrak, erabilten ez diran agiriak baina pastoral egiteko esanguratsua dabenak eta parrokien bizitzaren isla diranak, ondare dokumental eta bibliografikoa osatuz. Bisita honeei esker, inkunable bat, eta ‘ex libris’ edo eskaintza berezia dauan liburua aurkitu doguz. Lan honetan urte asko badaroagu be, oraindik hunkitu egiten gara galdutzat jotako fabrika-libururen bat aurkitzen dogunean edo jabetza-eskritura agertzen jakunean edo armairua ireki eta XIX. gizaldiaren azkenetik aurrera ezkontza-agiriak ze ondo dagozan gordeta ikustean”.

Atzoko bisitaren ostean adierazo dabenez, “poztasun txiki horreek erabat asebetetzen gaitue eta bultzada eder dira gure ondarea zaintzen jarraitzeko; gainera, etorkizunari begira, oroimena bermatzen dabe gure asmoa –eta betebeharra- hurrengo belaunaldiei transmititzea da-eta”.

 

 

Atzo Durangon batu ebezan agiriak