Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

On Mario Izeta gotzaina Burgoseko metropoli-Artzapezpiku izendatu dabe

created by Datorren abenduaren 5ean ekingo deutso ministerioari |
|   Komunikazinoa

Gaur, urriak 6, eguerdiko 12:00etan, aldi berean iragarri da Erroman, Bilbon eta Burgosen, Frantzisko aita santuaren erabagiz, On Mario Izeta Bilboko gotzainaren izendapena Burgoseko Artxidiozesiko metropoli-artzapezpiku lez. Bere ministerioari hasiera emoteko eleizkizuna datorren abenduaren 5ean ospatuko da Burgoseko katedralean. Aurreko zapatuz, azaroak 28, esker oneko Eukaristia ospatuko da Bilboko katedralean. Artzain gernikarrak, Bilboko Eleizbarrutiari eta Burgoseko Artxidiozesiari zuzendutako mezuan, eskerrak emoten ditu Bizkaian, ministerioan emon dituan 12 urteengaitik eta “Burgoseko Metropoli-eleiza ospetsu eta beneragarria gorpuz eta arimaz” zerbitzatzeko nahia agertu dau. Gotzainak Administratzaile apostoliko lez jarraituko dau Bilbon, Burgosen bere ministerioari ekin arte.

On Mario Izeta gotzainak eleizbarrutiko web orrialdean argitaratu dan mezuaren hasieran eskerrak emoten deutsaz Aita Santuari izendapenagaitik, bere mugez “jabetzen” dala autortzeaz batera.

Gotzainakbetirako” arrastoa itzi eutsan eta “ahaztezintzat” joten dauan bere lehenengo jardunlekua edo “andaluziar aldia” aitatu dau. Kordoban 14 urtez zerbitzua eskaini ondoren, orain dala hamabi urte gotzain ordenatu zan Bilbon. Ministerioaren “euskal aldi” honetan, makina bat “doe” jaso dauala nabarmentzeaz gainera, esker ona adierazoten dau erakutsi deutsen “maitasun eta adiskidetasun” guztiagaitik. Era berean, parkamena eskatzen dau une batzuetan “merezi zenduen lez, neurria ez emoteagaitik”. Artzainak esker ona adierazi deutso bere “sustraiak” dagozan eta “fedearen egundoko doea” sortzeko aukera emon eutsan Bilboko Eleizari, bere bizitzaren “sasoi betean” eskaini ahal izan deutsan aldi honengaitik. “Bihotzean” eroango dauala nabarmendu dau eta bizkaitarrekiko senidetasun eta adiskidetasunezko lokarriek “sendo iraungo” dabela. “Gaztelako aldia” On Mario Izeta gotzainak “Gaztelan erromes doan Jainkoaren Herria” “gorputz eta arima zerbitzatzeko eta zaintzeko” nahiagaz onartzen dau datorren abenduaren 5ean Burgoseko katedralean hasiko dauan aldi barri hau. Ilusinoz beteta dago “Gaztelako aldi” deitu dauan honen aurrean, eta hango jentea ezagutzeko gogoz, bere esanetan, “patxadaz eta banan-banan”. Pazientzia eskatu deutse Artxidiozesiko eleiztarrei, “hasierako urratsak beti emoten dira-eta kili-kolo eta lehenengo berbak zalantzazkoak izaten dira-eta”. Bilboko gotzainak eskerrak emon deutsaz orain dala urtebete, 75 urte betetean, Aita Santuaren aurrean karguari uko egin eutsan On Fidel Herraez Burgoseko oraingo artzapezpikuari,hainbesteko ardura eta arretaz” zaindu ditualako. Gotzainak, bere mezuan, adorez betetako berbak zuzendu deutsez pandemiaren eraginez konfinatuta dagozan Miranda de Ebroko herritarrei. Aldi berean, gogoan ditu “Barri Onaren haziz bihotz-zabaltasunez ereiten” misinoan dagozanak. On Mario Izeta gotzainak Burgoseko Eleizak aurrez aurre dituan ardatz nagusi bi aitatu ditu: Pastoral Egitasmoa eta “fede, itxaropen eta maitasunezko mende askotako lekukotasun” dan katedralaren zortzigarren mendeurrena. Burgoseko metropoli-artzapezpiku izendatu barriak Jainkoari laguntza eskaintzen deutso jarduera ebanjelizatzailean irauteko, “batez be” pobreenen, gaixoen, langabetuen, etsituen eta behartsuen zerbitzuan, “hainbeste oinaze eragiten diharduan pandemia aldi honetan”.