Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

On Mario Izeta gotzaina Agerkundearen egunean: “Indibidualismoa maitasunaren aurkakoa da”

created by Gotzaina izango da buru gaur eguerdiko 12:00etako Eukaristian, Santiago katedralean |
|   Komunikazinoa

On Mario Izeta Eleizbarrutiko Gotzaina buru dala ospatuko da gaur eguerdiko 12:00etan Jaunaren Agerkundearen eguneko meza Santiago katedralean.

Urtarrilean Eleizbarrutiari zuzendu deutsan mezuan, on Mario Izeta gotzainak beren-beregi aitatzen dau egun esanguratsu hau: “Urtearen hasiera honetan, Jaunaren Agerkundea ospatuko dogu, Jainkoaren hiru adierazpenak gogora ekarriz: Belenen, Magoek Jesus Umea gurtzen dabe; Jordanen, Joanek bateatu egiten dau eta Espiritu Santuak gantzutu Jainkoaren Seme lez eta Galileako Kanan bere salbamenezko ministerioari hasiera emoten deutso ezkontzetan ura ardo bihurtuz. Hiru pasarteok oso garrantzitsuak dira Jesusen bizitzan eta sakon aldatzen dabe gurea”. Aurrerago dinoanez, Magoen gurtzan, “Jesus gure bizitzaren osotasunera heltzeko bide lez agertzen jaku. Bideari ekin behar deutsagu, Magoek egin eben lez, ikasle lez eta gure esku itzitako misinoan aurrera egin ahal izateko. Horretarako, Bateoan Espiritu Santuak gantzutu ginduzan eta behartsuei barri ona iragartera, itsuei ikusmena eta giltzaperatuei askatasuna emotera, Jaunaren graziazko urtea hots egitera bialdu".

Gotzainak mezu honetan, Jainkoaren deiak eten barik bereizteko deia be egiten dau: “gure bizitzaren bilakaeran Jainkoak gure esku itzi dauan misinoa aurrera eroateko bidea zehazteko. Eta Kanako ezteiek zera gogoratzen deuskue: Kristoren misterioa, ezkontza-misterioa dala, maitasunezko misterioa. Indibidualismoa maitasunaren aurkakoa da. Zerbitzua, emotea, bakea, errukia, dira maitasunaren frutuak”.