Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

On Luis Arguello gotzainak: "Immatrikulazinoen prozesuan jabetzaren erregistratzaileen bermea dogu”

created by El Secretario General de la Conferencia Episcopal, en Bilbao |
|   Komunikazinoa

Gotzainen Batzarreko Idazkari Nagusi eta Valladolideko Eleizbarrutiko gotzain laguntzaileak berbaldia eskaini deutse gaur Bilboko Eleizbarrutiko abade eta diakonoei. Besteak beste, gaur egun pil-pilean dagoan immatrikulazinoen kontuari buruz hitz egin dau. Bere esanetan, Espainian 23.000 parrokia dagoz eta Eleiza, historian zehar, ondasun askoren gordetzaile izan da, “gehienak kultuari lotuta”. Dana dala, nabarmendu dauanez, Gobernuak Parlamentuari aurkeztu deutsan txostenean jasoten danez, ondasun honeek zuzenbidearen arabera immatrikulatu dira eta, gainera, “prozesuan jabetzaren erregistratzaileen bermea dogu”. Adierazo dauanez, gainera, ondasunen bat –“nire ustez gitxiengoak izango dira”- immatrikulatu bada eta gaur egun jabari publikokoa bada, “kasu horretan, jakina, erraza da kontuari heldu eta immatrikulazinoaren ikuspuntutik egin beharko litzatekena lehengoratzea”. Honen haritik, Jose Maria Ziarrusta Bilboko Eleizbarrutiko gerenteak Bizkaia Irratiari eskainitako alkarrizketan nabarmendu dauanez, “Bizkaiko Eleizak ez dau berea ez dan ezer erregistratuta euki gura”.

Bilboko Eleizbarrutiko abade eta diakonoek entzun dabez gaur On Luis Arguello gotzainaren berbak eta Eleizbarrutiko Teologia eta Pastoraltza Institutuak laster jarriko dau jentearen esku gaurko berbaldia. Valladolideko gotzain laguntzaileak Alkarren Barri – Comunicación eleizbarrutiko aldizkariaren eskariari be erantzun deutso eta martxoko alean alkarrizketa zabala argitaratuko dau, gotzainak hainbat gairen inguruan –azkenaldian onartutako legeak, Gobernuaren eta Gotzainen Batzarraren arteko hartu-emona, adierzpen-askatasunerako eskubidea, e.a…- luze eta zabal azaldu dituanak jasoz.

Bilboko Eleizbarrutiko Ministerio Ordenatuko kideen aurrean egin dituan gogoetetan, gotzainen batzarreko bozeroaleak bihurtze ekologikoa eta aita santuak Laudato si’ entziklikan egiten dauan planteamendua azpimarratu ditu. Bere esanetan, aita santuak koloreen paleta gizadiaren esku jarri gura dau, “lerro berde ekologikoagaz; behartsuen garrasiaren lerro gorria; pertsonak bere izaera errespetatuz bere burua errespetatzearen lerro urdina eta kolore guztiak bere egiten dituan kreazinoaren lerro zuria”.

On Luis Arguello gotzainaren berbaldia, gaur, Bilbon (Argazkia: Angel Erezuma)