Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

On Joseba Segura gotzainak: “Pertsonen salerosketa giza duintasunaren aurkako eraso larria da”

created by Bilboko katedralean zabaldu dan erakusketaren aurkezpenean |
|   Komunikazinoa

On Joseba Segura Eleizbarrutiko gotzain administratzaileak inauguratu dau gaur pertsonen salerosketaren ingurukoak agertzera emoten dituan ‘Puntu eta jarrai. Bizia eraginkorrago da!’ argazkien erakusketa ibiltaria. Santiago katedraleko klaustroan egongo da ikusgai otsailaren 10era arte. Droga eta Delituaren aurkako Nazino batuen Bulegoak atzo bertan ezagutzera emon eban txostena aitatu dau gotzainak, bertan jasoten danez, munduan pertsonen salerosketaren biktimen artean, mutiko eta neskatoen kopurua hiru bider gehitu dala nabarmenduz. Beste datu hau be gehitu dau: “Espainia da biktima horreen hartzaile nagusia Europan”. Gotzainaren esanetan, “ez da dominak ipintea merezi dauan kontua”. Ondoren, hainbat biktimaren bizipenak agertzera emoten dabezan argazki honeek gizartearen aurrean erakusteko arrazoietako batzuk azaldu ditu: “Gaur inauguratuko dogun erakusketa honek argi apur bat egin gura dau pertsonen salerosketaren ezkutuko errealidadean, ezkutuan dagoenera begiratzeko bidea izan gura dau. Belarri eta bihotz asko behar dogu ezkutatu gura dana oihukatzera bideetara atara daitezan, salatzeko, prebenitzeko eta sendatzeko prest”.

Marije Calvo Migrazinoetarako Pastoraltzarako Bilboko Eleizbarrutiko arduradunak adierazo dauanez, Migrazinoetarako Gotzain Batzordeko Idazkaritzaren barruan Pertsonen Salerosketaz arduratzen dan sailaren eskutik, Fernando Marmol Hueso argazkilariak ataratako argazkien erakusketa ibiltari honek salerosketaren zoritxarra zuzenean jasan daben pertsonen lekukotasunak jasoten ditu. Hau da, bere esanetan, “urtetea lortu dabe eta aurreko bizitza berreskuratzea. Beraz, erakusketa gogorra da, gordina, baina, aldi berean, itxaropenari zabalduta dago”.

Otsailaren 10era arte egongo da erakusketa katedraleko klaustroan eta egun hrretan Deustuko Unibertsitateko klaustrora lekualdatuko da eta han egongo da otsailaren 24ra arte.

Otsailaren 16an, Deustuko Unibertsitatean pertsonen salerosketaren inguruko berbaldia eskainiko da online, 19:00etan. Maria Francisca Sanchez Vara Migrazinoetarako eta Gizarte Mobikortasunerako Gotzain Azpibatzordeko Idazkaritzako arduradunak jardungo dau.

On Joseba Segura (Argazkia: Bilboko Eleizbarrutia)