Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

On Joseba Segura gotzaina: “Maria etxeko babesa da ekaitz eta zailtasunen erdian”

created by Urteko lehenengo Eukaristia Begoñako basilikan |
|   Komunikazinoa

Gaur, urtarrilak 1, Santa Maria Jainkoaren Amaren egunez, Bakearen aldeko Munduko Otoitz Eguna ospatzen da eta Frantzisko Aita Santuak Zainketaren mezua bakerako bide lez goiburua dauan mezua idatzi dau. On Joseba Segura gotzaina izan da buru gaur eguerdiz Begoñako basilikan ospatu dan urteko lehenengo Eukaristian eta munduko bakearen alde eskatzeko egun honetan, zera esan dau, besteak beste: “hainbeste errefuxiatu-esparru, hainbeste ankerkeria eta sufrimentu bidegabe gerraren ondorioz, indarkeria jasaten dauan hainbeste lagun, eutsi eta eutsi diharduen, babes bako umeei eusten, besarkatzen, babesten, familia eta alkarteak zaintzen eta gordeten diharduen amen laguntzataz”. Eukaristia osorik, esteka honetan.

On Joseba Segura gotzainak homiliaren hasieran esan dauanez, “Begoñako Ama Birjinaren oinetan ekin deutsagu urte barriari, Maria Jainkoaren Amaren egunez, eta, zailtasunak zailtasun, konfiantzaz beteta hasi gura dogu urtea”. Maria Birjina izan dau ardatz gotzainaren homiliak eta aurrerago hauxe be esan dau: “Mariak ez dau asko hitz egiten Ebanjelioetan, ez dau diskurtsorik eskaintzen, ez da protagonista eta, halanda be, arrasto itzela itzi dau gure historian eta fede bizitzan. Maria garrantzitsua da, ez hainbeste Jesusen ama biologikoa dalako, bere seme hori maitasunez babestuz, lagunduz, zainduz ama bihurtu zalako baino, Jesus maitatua sentiaraziz eta holan semeak Jainkoaren ama samurtasunaz jabetu zan eta, Idazteunak dinoskunez, jakindurian eta egian haziz joan zan. Mariaren bitartez, familiaren etxean egin eban lanaren, bere maitasunezko zeinuen, solasaldien bitartez, semeak bere jaioterriko herritar apalen irrikak, zalantzak, poztasunak, bidlurrak ezagutu ebazan, baita ohiturak be eta Bibliako kontaketen bidez guri iritsi jakun guzti hori be. Maria Jainkoaren ama da, baina Jainkoak ez dau ezer gorde gura beretzat eta horregaitik askoren ama dala ospatzen dogu gaur”.

On Joseba Segura gotzainak birjinaren irudia be aldarrikatu dau bizi doguzan uneotan: “pertsonak sufritzen dagozanean eta, benetan, 2020 honetan, makina bat zauri jasaten dabenean, bildurra hedatuta dagoanean, Maria kontsolamendu eta itxaropenaren iturri bihurtzen da”.

Eleizbarrutiko gotzain administratzaileak esan dauanez, Maria etxeko babesa da ekaitz eta zailtasunen erdian; “aurton beren-beregi zailtasun batzuk izan doguz, baina urte guztietan izaten dira erronka eta arazoak. Amaren etxea, askorentzat, samurtasunezko babes da, ama bizi bada, samurtasuna be bizi da, eta ama hil bada be, izan zanaren oroimenak, gugaz izan eban jokaerak bizirik eusten deutso samurtasun horri eta hobe egiten gaitu. Apaltasuna eta samurtasuna pertsona sendoen, erakarten eta markatzen gaituen, luzaroan ondoan izan gura doguzan, ez dagozanean faltan botaten doguzan, bizilagun izan gura doguzan pertsonen doe dirala erakusten deusku Mariak, izan be, holako pertsonek atsegin izan dira eta atsegingarri egin deuskue bizimodua”.

Amak, bihotz guztietan dagozan joera batzuei aurre egiteko antidotorik sendoena be badirala esan dau: “indibidualismoa, gure itxikeriak, apatiak… ama bako gizartea hotza izango litzateke, kalkuluak, interesen borrokak menperatuko leuke eta bertan ez legoke errukirik”.

Osasun arazoak, arazo ekonomikoak edo bestelako arazoak dirala-ta txartoen dagozanak gogoan emon deutso amaiera homiliari.