Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

On Jose Maria Camino santurtziarra, Brasileko Presidente Prudente eleizbarrutiko gotzain erretiratua hil da

created by Goian bego! |
|   Komunikazinoa

Atzo –abuztuak 30, astelehena-, Brasileko São Pauloko Presidente Prudente Eleizbarrutiko gotzain erretiratua zan On Jose Maria Liborio Camino Saracho hil zan Brasilen, 89 urteko zala. Bere arimaren aldeko hileta-eleizkizuna gaur ospatuko da San Miguel Paulista Eleizbarrutiko San Migel Goiaingerua Katedraleko kriptan, hain zuzen be, abade, gotzain laguntzaile izan zan eta gaur egun bere bizileku zan lekuan.

 

 

Mons. Camino Santurtzin jaio zan 1931.eko azaroaren 13an eta hantxe egin ebazan lehenengo ikasketak Artea eta Vitoria-Gasteizko seminario txikian. Hemen filosofia ikasi eta teologia ikasketak hasi ondoren, sortu barria zan Bilboko eleizbarrutian, Derioko Seminarioan, amaitu ebazan ikasketak.

1958.eko uztailaren 6an abade egin zan Begoñako basilikan eta ondoren hezitzaile lez jardun eban Derioko Seminarioan. 1966an Brasilera joan zan misiolari lez eta São Pauloko ekialdeko Itakera lurraldean, immigrazinoa nabarmentzen zan lekuan, jardun eban beragaz joan ziran beste batzukaz batera. 1967.eko otsailean, Guaianaseseko San Benedito parrokiako parroko izendatu eben eta bere gertukoek azaltzen dabenez, beti arduratu izan zan lekuko herritarren oinarrizko beharrizanak asetzeaz. Hogei urtez jardun eban parroko lez eta, besteak beste, “Creches” haurtzaindegiak sortu ebazan, lanbide heziketarako ikastaroak martxan jarri, alkarte eta zentroak sortu eta baita erizaindegia be, bertan doako arreta eskainiz eta bost urtez anbulantziako gidari izanik. Irakasle izan zan ikastetxe publiko batean eta gaur egun be zabalik dagoan Pilareko Ama Eleizbarrutiko ikastetxea berreskuratu eban. 1990ean, San Miguel Paulista Eleizbarrutia sortu zanean, San Migel Goiaingerua katedraleko parroko izendatu eben eta hantxe ospatuko da gaur, martitzena, bere arimaren aldeko hileta-eleizkizuna.

1999.eko ekainaren 16an, Joan Paulo II.a Aita Santuak San Miguel Paulista Eleizbarrutiko gotzain laguntzaile izendatu eban eta 2002.eko otsailaren 20an, erain amazonikoko inguruan dagoan Pantanaleko Presidente Prudente Eleizbarrutiko goztzain. Eleizbarruti honetan, behartsuenen alde jardun eban eta Lur bako Landa-eremuko Langileen Mobimentutik gertu egon zan.

Euskaldun ugari eta luzaroan Brasilen

Hainbat euskaldunek jardun izan dau Brasilen, eta egonaldiak luzeak izan dira, gainera 80ko hamarkadara arte. Hain zuzen be, 23 misiolari euskaldun be izan da herrialde hartan: 1962an, Jose Rodrigo eta Javier Saez de Ibarra joan ziran; 1963an, Jose Luis Alava, Julio eta Ignacio Campo anaiak eta Jose Sanz; 1964an, Narciso Abasolo, Mariano Gandarias, Santiago LUmbreras, Jose Maria Orive, Luis Unzueta eta Juan Zumalde, hasieran OCHSAk bialduta eta beranduago euskal misiolarien taldean jardun ebenak. Euskal Eleizbarrutietako Misinoetatik bialdu ebezan lehenengo misiolariak Iñaki Etxezarraga eta Jose Maria Camino izan ziran, 1966 eta 1967an hurrenez hurren. 1968an, Txomin Altazubiaga eta Juanjo Garcia joan ziran. 1969an, Jose Maria Caminoren bitartez, Kurutzearen Alabak ordenako monjak joan ziran São Paulora, izan be, Caminok ama nagusia ezagutzen eban eta Santurtzira egin eban bidaietako batean laguntza eskatu eutsan. Mª Carmen Fernandez, Trinidad Otamendi, Evangelina Real eta Paz Regidorrek osatzen eben taldea. 1970ean, Juan Antonio Losada joan zan Brasilera (Minas Gerais Eleizbarrutira) eta 1974an, Jose Maria Delclaux eta Jose Ignacio Iturmendi.

Aitatzekoa da Eleizbarrutiko Seminarioak sasoi horretan Misinoetan izan eban eragina, izan be, lehenengo urte horreetan, hezitzaileetako hiru –Iñaki Etxezarraga, Jose Maria Camino eta Juanjo Gracia- Brasilera joan ziran misiolari lez. Mons. Caminok bizitza osoa emon eban han eta herritartasun biak ebazan, espainiarra eta brasildarra.

Brasileko Gotzainen Batzarraren doluminak

Mons. Caminoren heriotzaren barri izateaz batera, Brasileko Gotzainen Batzarrak oharra kaleratu dau doluminak emoteko haren heriotza dala-eta: “Atsekabez beteta, begiratu deiogun Kristo berbiztuari eta bialdu daigun zerura gure esker ona misiolari lez 55 urtez Brasileko Eleizari eskaini deutsan guztiagaitik. Besarkadak gutiei eta gure otoitzak On Jose Mariak betiko atsedena izan daian”.

Herriagaz nahastatu

Santurtziko senideei egin eutsen bisitetako batean, Josetxu Canibe abade eta misiolariak alkarrizketa egin eutsan Los Rios aldizkarirako. Mons. Caminok, orduan, aita santuagazko miresmena adierazo eutsan, besteak beste: “Oparia da Eleizarentzat Frantzisko bezalako aita santua izatea. Gotzain eta abadeok herrian eta herriagaz bizitzeko egundoko aukera dogu. Gotzain izendatu eta sagaratu, eta erraz pentsatu daikezu pertsona berezia zarana. Herriak bultzatu egiten zaitu, lagundu egiten deutsu nagusitasun giroa sortzen. Herriak zeozer zarala sinistuazoten deutsu eta, hortik aurrera, ez deutsue zaborrik batzen edo pisurik hartzen izten. Eta guk intsentsu hori dogu gustuko. Aita Santu honek egundoko itxaropena dakar Hego Ameikarentzat”.

Herritik gertu egotea zan Mons. Caminoren lehentasunetako bat, bere ustez, karguek, hainbat bider, arriskua ekarrelako, “herriagaz ez nahastatzeko, banantzeko, herritik aldentzeko eta herrian eragina ebana ahazteko arriskua”. Canibek oihan amazonikoko alkarte indigenakaz egiten zan lanaz galdetzean, Mons. Caminok atsekabez erantzuten eban: “ez dago aurrerapenik, zuhaitzak mozten jarraitzen dabe eta inongo kontu barik uztiatzen da basoa. Negozioa nagusitzen da gainerako giza baldintzen gainetik. Gatazka honeek, heriotzak be eragiten dabez. Zoritxarrez, ez dago buruzagirik. Laburbilduz: ez da lanik falta gotzainentzat. Ezinbestekoa dabe kaleagaz eta, jakina, Espirituagaz, lotzea”.

Mons. Camino Caritaseko arduradun izan zan, Kolpin fundazino alemaneko presidente, EEBBetako Aurrerapen Itunerako ordezkari, Eleizbarrutiko bikario… “Hainbat igurutan, aberastu egin nazala uste dabe, baina ni ez naz aberatsa. Hainbeste diru zelan etorri jatan galdetzen deutsat neure buruari. Hamasei eleiza altxatu, ondo amaitu eta zerbitzu guztiez hornitu dodaz. Eleizak (eraikina), eraikitakoaren edo martxan jarritakoaren kapitulu bat baino ez dira”. Azken urteetan, erretiratu ondoren, alkarte biren ardura izan eban, San Paulo estatuko Lur bakoen Mobimentuari aholku emoten eutsan, besteak beste.

Orain dala urte batzuk, futboleko munduko txapelketari begira, egundoko obren bidez Brasilen eraiki ebezan kirol eraikin ikusgarrien aurrean, Mons. Caminok dalako erakin horreek alperrekoak zirala, ez ebela balio salatu eban: “Gauetik egunera garatutako herrialdea aurkeztu gura dau Gobernuak eta, egia esan, ez dago dirurik gaixoei arreta eskaintzeko be. Urietan, kontrasteak hedatzen dira: aberastasuna eta pobretasuna, azken hau, uri handietara emigratzen dabenek jasaten dabena. Herriak, zigortuta, protesta egiteko, amorrua adierazoteko aprobetxatzen ditu aukera honeek. Beldur be badira jentearen aurkakotasun honen aurrean, futbolak asko esan gura daualako brasildarrentzat, baina futbola ez da dana”.

Goian bego”

On Jose Maria Camino gotzaina