Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

Nicolas Garcia Urriz hil da

|   Komunikazinoa

Gaurko egunez –eguena, urriak 10-, Nicolas Garcia Urriz eleizbarrutiko abadea hil da Bilbon, 91 urteko zala. Bere arimaren aldeko hileta-eleizkizuna datorren astelehenez, urriak 14, ospatuko da Begoñako basilikan.

Nicolas Garcia Urriz –gaur egun erretiratuta egoana- Begoñako Beneragarrien abade-etxean bizi izan da azken urteetan, erretiratuta dagoan beste hainbat abade lagunegaz batera. Abade lez, “parrokiako abade” izan zan, Jose Angel Ubieta abade lagunak azaldu dauanez. Honen esanetan, Urriz “ondo hartu eta asko estimatu eben” egon zan leku guztietan eta, kide lez, “gizon hurkoa, atsegina zan eta oso positiboa bere erispideetan”. Nicolas ondo moldatu zan aldaketa teknologikoetara eta “azkeneraino jarraitu eban lanean eta eguneratzen. Komunikazinoaren inguruko jakin-min handia eban”.

Nicolas, gainera, pozik joaten zan, ahal eban guztietan, ospakizunetara edo beste jarduera batzuetara –ordenazinoak, urteurrenak,…- bere kideakaz batera. Azkenaldian, gero eta gatxagoa egiten jakon ibiltea eta komunikatzea, baina, halanda be, ez eban hara edo hona joateko ilusinoa galdu eta joan egiten zan, gurpil-aulkian bazan be.

Historia

Nicolas Garcia Urriz Bilbon jaio zan 1928.eko irailaren 10ean eta 1953.eko ekainaren 28an egin zan abade Santiago katedralean. 2003an hartu eban erretiroa.

Bere heziketa, Gasteizko seminarioaren sasoikoa izan zan. Abade lez, Dimara bialdu eben lehenengo eta han, abade lagunkide izan zan. Handik Igorrera joan zan eta lehenengo abade lagunkide izan zan eta gero parroko. Denporaldi batez, Arantzazuko behin-behineko arduradun izan zan eta baita Otxarkoaga eta Txurdinagako ekipo ministerialeko kide be. Erretiratu aurretik, azken arduraldian, Gorlizen egon zan eta parrokia administratzailea izan zan.

Goian Bego!

Nicolas Garcia argazkia ataraten, 2013an bere abadegintzaren diamantezko ezteguetan, gogarte etxean izan zan berbaldian