Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

Mugak zeharkatzean bizia galdu dabenak gogoan ‘Bizkaia isilik’ bilkuretan

|   Komunikazinoa

‘Bizkaia isilik’ ekimenak 2021eko urtarrilean egingo dauan bilkuran, deitzaileei itxaropena erakutsi gura dabe eta mundu zuzenagoaren alde borrokatzen jarraitu, “batez be laguntasun gehiago eskainiz gure mugak zeharkatzeko saiakeran biktima bihurtu diran pertsonei eta Europako hegoaldeko mugan bizi daben zoritxarraren areagotzea salatuz”. Hilaren azken eguaztenez ohikoa danez, eta azken hilebeteetan kaleetatik kanpo egon eta gero, ondorengo lekuetan, 19:30etan, egingo diran bilkuretan parte hartzeko dei egiten dabe. Bilbon, Arriaga antzokiaren aurreko eskaileretan (nahitaezkoa da pertsonen arteko tartea gordetea, maskara jarrita eukitea eta eskuak garbitzea) eta Galdakaon, Iturrondo plazan (testigantza hutsezko bilkura). Balmaseda, Portugalete, Durango eta Barakaldon, online egiten jarraituko dabe.

‘Bizkaia isilik’ ekimenaren sustatzaileen esanetan, egundoko atsekabea eragiten deutse egunero errepikatzen dan zoritxarra, etorkizun hobearen bila atara eta, migratzaile izateagaitik, jazarpena, iruzurra, deportazinoa, itsasoko hilketa… jasan behar dauan makina bat lagunen zoritxarra. Euren esanetan, “gure kaleetan dagozan eta kale gorrian lo egiten daben pertsonak dira, ez aterperik, ez erroldarik, ez lanik, ez adiskiderik ez dabenak, hotzez dagozanak, gure axolagabetasunak ametsal izoztu deutsez eta legeriak ez deutse inongo aukerarik emoten. 2021ari be ekin deutsagu eta egunero ikusten dogu etorkizun hobearen bila etxetik atera eta, kasu gehienetan, era guztietako gehiegikeriak jasan ondoren, gure herrietan ez ezik itsas zabalean itota gelditzen diran pertsonen patu negargarria”.

Migrazinoetarako Nazinoarteko Erakundearen datuen arabera, urteko lehenengo hilebete honetan, gitxienez 39 etorkin hil dira Mediterraneoa (munduko hobi komunik handiena) zeharkatzeko saiakeran, Gaineran, ‘Ayuda en Accón’ erakundeak barri emon dauanez, 2021ean indarrean dirauen gatazkak itxi barik amaitu dogu 2020a, esate baterako Sirian eta Yemenen, Ekialde Gertuan, Sahelen (Mali, Niger edo Afrika Erdialdeko Errepublika) edo Hegoaldeko Sudanen (ahaztutako gerra).

Hauxe eskatzen deutse antolatzaileek partaideei: minutu batzuez isilunea eta gogoeta egin ondoren –bakotxak dagoan lekuan-, gizarte sareetan batera jarri daiezala guztion artean INDARKERIA BAKO mundua, BAKEAREN MUNDUA egiteko nahia islatzen daben irudiak. #BizkaiaIsilik #U27 erabili behar da horretarako edo argazkiak migrazinoen saileko telefonora bialdu: 688660486.

2018an, Alhoucemako kanpamentu solidarian parte hartu eban Bilboko Eleizbarrutiko taldeak omenaldia egin eutsen Mediterraneoan hildakoei