Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

Misinoetarako Begoñako parrokiako taldea hasi da azokarako gauzak batzen

|   Komunikazinoa

Aste honetan hasi dira abenduaren 2tik 10era Basilikako eleizpearen azpian dagozan lokaletan, urteroko ohiturari jarraituz, ospatuko dan Begoñako misiolari azokarako gauzak batzen.

Beste behin be, misinoetarako Begoñako parrokiako taldeak antolatuko dau misiolari azoka solidarioa eta bertan batu daiten dirua hainbat herrialdetan garatzen diharduen beste hainbat egitasmoren artean banatuko da. Antolatzaileek azaltzen dabenez, “ondo banatu ezkero, askori laguntzeko aukera dago”. Laguntzeko bideak bat baino gehiago dira: gauzak emon azokan saltzeko; gauzak erosi azokan edo egun horreetan jarriko daben itsulapikoan dohaintza egin.

Zabalik da gauzak emoteko epea (astelehenetik barikura, 17:30etatik 19:30etara) eta basilikaren sarreran dagoan parrokiako bulegoan batuko dabez. Era guztietako gauzak batzen dabez, erabilitako erropa eta oinetakoak izan ezik.

Misinoetarako Begoñako taldea

Talde honek 1985an ekin eutsan bere ibilpideari, orain dala 32 urte. “Mikel Urresti Misinoetarako ordezkari zala, misiolarien senide eta lagunak batu ginduzan jesuiten lokaletan, bere ustez garrantzitsua zalako munduan zehar egozan euskal misiolari guztien gorabeheren barri izatea. Gero gure parrokia bisitatu eban eta misiolari sustapenerako taldea martxan jartea proposatu eban. Lagun bik osatu genduan hasieran taldea; orain 20 lagunetik gora gara”, azaltzen dabe taldekideetako batzuek.

Azoka

Hauxe da urtero antolazten dabezan ekintzetako bat. Azken ekitaldian batu eben diruaren zati handi bat Ekuadorreko lurrikararen ondorioei aurre egiteko bialdu eben, baina, baita beste egitasmo batzuei be: DOMUND, Ume Misiolariak, Sorterriko abadeak… “Eginkizun hau aurrera eroateko –dinoe taldetik- parrokiako beste persona eta talde batzuk be konprometitzen doguz eta alkarlanean jarduten dogu urrian hasi eta urtarrilean amaitzen dan jarduera hau martxan jarteko eta garatzeko. Misiolari alderdia ezagutzera emoteko eta suspertzeko aukeratzat hartzen dogu".

Botikak

Sei farmaziatan, botikak eta euren ekarpenak jasoten dabez. Dana sailkatu eta Kongoko Errepublika Demokratikoko Mufungara bialtzen dabe.

Bendak

Bendak ehunduten be jarduten dabe. Egiteko honetarako, zuzenean taldean ez dagozan baina lankidetza eta sentsibilizazinorako egiteko honegaz bat egin dauan lagun askoren babesa daukie. Joan dan urtean, 493 benda bialdu ebezan Kongoko Errepublika Demokratikoko hiru ospitaleetara “Mufungaren adiskideak” Fundazinoaren bitartez. Eta beste 112 Perura, Guancabelicara bialdu ebezan. Gainera, jaiobarrientzako jakak be ehunduten dabez.

Kanpainak

“Aitzur bat Afrikarako” kanpainan be parte hartzen dabe, Afrikarako egitasmoak babesten dabezan misinoetarako beste talde batzukaz eta lehen aitatutako Fundazinoagaz batera.

Misinoetarako Begoñako taldea jardunean