Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

Mila argi pobreziaren kontra

|   Komunikazinoa

Azken egunetan jakinarazo dogunez, asteburu honetan 2019-2020 kursoko Eleizbarrutiko Alkartasun Zeinua ospatuko da, Frantzisko Aita Santuak deitu dauan Pobreen aldeko Munduko III. Egunaren haritik. Gaur, barikua, ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako eta DBHko 1., 2., 3. eta 4. mailako 1.100 gazte inguruk hainbat dinamikatan parte hartuko dau, adinaren arabera eratutako taldeetan. Ondoren, katedralean egingo dabe baterako ekitaldia (11:30-12:00). Bertan, mila argi led piztuko dabez pobreziaren kontra. Bihar, Basaurin egingo dan Zeinu Orokorrean 300 lagun baino gehiagok hartuko dau parte alkartasunezko eta kultura arteko bazkariaren ostean.

Ekitaldi nagusia Plaza Barrian egitekotan ziran eta aurreko dinamikak Alde Zaharreko hainbat lekutan, baina gaur eguraldiak lagunduko ez dauala-eta, danak lekualdatu dira beste puntu batzuetara. Begoñako basilikan, katedraleko arkupeetan eta lokaletan, Maristen ikastetxeko frontoi estalian, Gotzaitegiaren Plaza Barriko lokaletan eta Arrupe Etxeko areto nagusian tailerrak egingo dabez gazteek. Ondoren guztiak joango dira katedralera 11:30etan zeinu bateratua egiteko.

Bilbo, Sopuerta, Santurtzi, Muskiz, Sodupe, Bermeo, Loiu eta Gernikako ikastoletako ikasleek hartuko dabe parte Zeinuan guztien artean "pobreziaren kontrako itxaropen printzak piztuz".

Gaurko ekitaldian on Joseba Segura gotzain laguntzaileak hartuko dau parte. Bihar, Basauriko topaketan on Mario Izeta gotzaina be izango da.

Imagen del Gesto que se celebró en la catedral hace algunos años.