Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

Mikel Zarate omenduko dabe bere heriotzaren 40. urteurrenean

created by Gaur, Lezamako Kultur Aretoan |
|   Komunikazinoa

Mikel Zarate abadea, idazlea, bertsolaria eta irakaslea gaurko moduko baten hil zan orain 40 urte. Hori dala-ta, bere jaioterrian, Lezaman omenaldia eskainiko deutse gaur. Hitzordua bertako Kultur Aretoan izango da, arratsaldeko 19:30etan. Pedro Mari Goikoetxea kazetariak aurkeztuko dauan ekitaldian Lontzo Zugazaga eta Juanjo Elezkano abadearen parte hartzea egongo da, besteak beste. Eurakaz batera, Josi Sierra, Zarateren bizitzaren inguruan dokumentala prestau dauana be egongo da.

Ekitaldia Lezamako udalak eratu dau Labayru Fundazioaren eta `Mikelegaz 40/40 Mikel barik´ alkarteagaz batera. Adolfo Arejita, Labayru Fundazioaren zuzendariak berbaldia eskainiko dau Zarate zanaren inguruan. Hasieran Lontzo Zugazagaren bertsoak entzuteko modua egongo da. Izan be, Lontzok harreman estua izan eban omenduagaz Seminariora sartu zan sasoitik. Holan kontetan dau gaur aurkeztuko dan bideoan: "Seminariora sartu barritan 1955ean, bera be bertan egoan, Seminario Txikian. Han ezagutu neban eta hasieratik euki genduan hartu emona, ze euskal munduko zaletasuna geunkan txikitandik. Mikel apartekoa zan. Danean izan behar eban aurrerengoa: pelotaka edo arin-arinka edo futbolean... baina aurretik ibili behar eban", kontetan dau Zugazagak berari eta Andoni Gerrikaetxebarria, Elizbarrutiko bikario nagusia zanari egindako alkarrizketan.

Juanjo Elezkano abadearen abestia eta Gontzal Mendibil eta Natxo de Feliperen doinuak zuzenean entzuteko erea be egongo da omenaldian. `Ekidazu Abesbatza´-ren emonaldiaz be gozatu ahal izango da. Goi mailako egitaraua euskal literaturarentzat altxor handia itxi eban ekintzailearen omenez.