Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

Miguel Bergareche abadea hil da, gizon adeitsu eta gertukoa

created by Goian bego! |
|   Komunikazinoa

Atzo hil zan Bilbon Miguel Angel Bergareche Ruiz eleizbarrutiko abadea, 78 urteko zala. Bere arimaren aldeko hileta-eleizkizuna bihar -eguaztena- ospatuko da, Erandioko San Agustin parrokian, iluntzeko zazpietan, On Joseba Segura Eleizbarrutiko gotzain administratzailea buru dala.

Miguel Bergareche Bilbon jaio zan 1942.eko martxoaren 19an eta, beranduko bokazinoari erantzunez, 1987an, 45 urtegaz, egin zan abade Algortako San Nikolas parrokian. Aurretik, Firestone enpresan lan egin eban urte askotan, eta baita administrazinoan be. Gaur egun erretiratuta egoan eta San Bizente abade-etxean bizi zan, urte luzez Algortan bere etxean bizi izandakoa bazan be.

Abadegai zanean, Zorrotzan egon zan pastoral aldian eta abade egin eta gero Balmasedan egon zan lehenengo eta beranduago La Herrera, Traslaviña eta Artzentalesen. Gero, Erandio eta Lamiakoko San Agustin abadeen taldean egon zan eta 2001etik 2006ra Abade Kontseiluko kide izan zan. Erretiratu zan arte, Erandioko Altzagako San Agustin eta Astrabuduako San Lorenzo Martiria parrokiez arduratzen dan taldeko kide izan zan.

Balmasedan egon zan sasoian, Manu de las Fuentes, Mikel Martinez, Juan Mª Bautista eta Angel Unanueren bizilagun izan zan. Unanueren esanetan, “urte ederrak izan ziran, adiskidetasuna eta abadeon arteko laguntasuna nabarmendu ziran eta gustura bizi ginan beragaz”. Aurrerago dinoanez, “Miguel gizon apala zan, jentearengandik gertu egoana eta kutsu hori emon eutsan bere abade ministerioari. Lagunak itzi ebazan Balman, Lamiakon, Erandion. Gustukoa eban lagunakaz egotea eta garagardo bat hartzea. Neurofibromatosia eukan, baina inongo konplexurik ez. Gogoratzen dot behin, Almuñecarren –hainbat urtez joan ginan hara oporretan-, hondartzan gengozala bere besoa deigarri gertatzen zan, baina bera ez zan urduritzen. Gozamena hartzen eban sukaldeko lorpen txikiakaz eta argazkiak ataratea be asko gustatzen jakon”.

Bergareche 2018an hil zan Juanjo Rodriguezen lagun mina izan zan; hainbat lekutan egon ziran alkarregaz eta batera jardun eben eta azken egunak biak bizi izan ziran San Bizente egoitzan. Rodriguez Ekintza Katolikoko Langile Hermandadea (HOAC) mobimentuko kontsiliario nazionala izan zan eta Errefuxiatuaren aldeko (CEAR) Espainiako Batzordearen sorreran izan zan beste batzukaz batera. Hain zuzen be, bere heriotzaren urteurrena bete zanetik, bere izena daroa Errefuxiatuen Harrerarako Getafeko zentroak (CEAR).

Erandio eta Lamiako

Salva Garcia San Emeterio abade lagunagaz Erandion eta Lamiakon egon zan Miguel. Salvaren esanetan, Miguelek batez be katekesian laguntzen eban eta liturgiarako taldean eta helduen talderen batean. Abegitsua zala, zintzoa, gertukoa, “apala eta lagunen laguna”, mahai inguruko batzarretan asko gozatzen ebana. Erandion eta Lamiakon “behartsuen adiskideak” taldean lagundu eban: hilero batzen ziran, afari txiki bat egin eta dirua jarten eben egitasmo solidarioren batean laguntzeko. Errukiaren Arreben Erandio eta Lamiakoko alkarteakaz be hartu-emon estua izan eban.

Argazkilaritza be oso gustuko ebala dino Salvak: “argazkilari ona zan”, hainbat programa informatiko erabilten ikasi eban eta gero “kalidade handiko” argazkiak oparitzen eutsezan lagunei. Oso lotuta egoan familiari, batez be Begoña bere arrebari eta honegaz Medina de Pomarren ondoan dagoan Paralacuesta herrira joatenzan ahal eban guztietan eta denporaldi luzeak igaroten ebezan han.

Goian bego!

Miguel Bergareche