Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

Miguel Angel Esnaola, Ekumenismorako Eleizbarrutiko Ordezkari barria

|   Komunikazinoa

Aurreko kursoan abade egin zan Miguel Angel Esnaola eleizbarrutiko abadea izendatu dabe Ekumenismo eta Erlejinoen arteko hartu-emonerako ordezkari. Jose Maria Angoitia abadearen lekua hartuko dau.

Izendapenaren ostean, Miguel Angelegaz hitz egin dogu, bere eretxi eta usteen inguruan jarduteko.

Zer adierazo daike gaur egun ekumenismoak?

Inoiz ez bezala aldatzen dan munduan gagoz. Eta orain aldi horren aurrean gelditu eta dakarren guztiaz jaubetzeak, nondik gatozan konturatzea eskatzen dau lehenengo eta behin. Hara zer adierazo eutsan Jesusek Aitari, bere nekaldi eta heriotzaren aurretik: “Egizu guztiak bat izan daitezala, Aita, zu nigaz eta ni zugaz biok bat garan lez… holan, munduak sinistuko dau…” (Jn 17, 21). Une horretan otoitz lez jasoa, testamentu bihurtzen jaku gaur, konpromisora garoazan eta Beragaz lotzen gaituan testamentu.

Kristinauen batasuna bilatzeak, “gu eta besteak” dalakotik alkartasunean oinarritutako eta senidetasun jakuin batean bizitako “gu” dalakora igarotea eskatzen dau. Anai eta arreba gara eta egoera historiko korapilatsuen eraginez banaketaren pekatua sortu da gure artean. Hau eskandalua da munduarentzat eta apaltasun eta erabagiz bidelagun izatera eroan behar gaitu, alkar ezagutu eta maitatzeko, besteen alde eta besteakaz otoitz egiteko eta alkarregaz bake eta zuzentasunaren alde jarsuteko.

Ze jarrera izan behar dogu beste erlejino batzuetako jarraitzaileen aurrean?

Orokorrean, gizartean eta, zehatzago, gure inguruan, sekularizazinoaren aurrerapenagaz batera, aniztasun erlijiosoa areagotu egiten da. Erronka handia dogu aurrez aurre: desbardina dan horrengandik aldendu egiten gaituen bildurra eta aurreretxiak gainditu. Historian zehar, makina bat lagun itzi dogu bide-ertzean, ulertezintasunaren, harrerarik ezaren eta aniztasunaren doea ez errespetatzearen eraginez.

Eten bako hartu-emona bilatuz, aniztasunaren errespetuan ausartak izateko aukera historikoa, “kairos” dalakoa, dogu. Bat egiteak, hartu-emonak eta konpromiso apalak bestearen pentsamentu eta sentimentuak geure egitera garoaz; eta horrek bake eta biziz betetako benetako bideei ekitea dakar. Bide horreek “suebaki” bihurtu daitekez indarkeriaren edo axolagabekeriaren tentazinoaren aurrean.

Zer sentitzen dozu izendapena jaso ondoren?

Txiki ikusten dot neure burua; Jaungoikoaren Espirituagana benetan bihurtu beharra sentizen dot. Gotzainaren eginkizunean lagunduz, bere izenean, bere mandatua zintzo betez eta agindutako bideetatik, nazan guztia Eleizbarrutiaren zerbitzura eskaintzeko nahia be badot.

Zorionez, historian zehar argi egiten eta sendotzen gaituan hainbat lekuko dogu. Frantzisko Aita Santua, lekuko sendo eta sinisgarria da, funtsezko erreferentea alkarrizketaren eta alkartasunaren eten bako bilaketaren kulturan. Era berean, gutako bakotxak, adiskidetasun eta alkarbanatzezko zeinurik txikienean be, gizatasun handiagoko gizartea, Jaungoikoak gura dauan gizartea, bat egite eta bakearen gainean finkatutako gizartea egiten laguntzen dau.

Miguel Angel Esnaola