Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

MARIJESIAK 4:00

created by Hasi dira dokumentala grabatzen |
|   Komunikazinoa

Gernikako MARIJESIAK tradizino honen ezagupenerako eta zabalkunderako aurton egingo daben dokumentalaren grabaketak egiten hasi dira. Grabaketa saioetan pertsona askoren partaidetza lortu dabe, besteak beste, marijesi “historikoak”, gaur egunekoak, adituak, gernikar arruntak, entzuleak…; grabaketak hainbat lekutan (Baiona, Bilbao, Gernika) egin izan dira eta azken txandakoak, Segundo Olaeta Musika eskolan bertan.

Gaurko ikus-entzunezko baliabideak erabilita -alde batetik zehaztasun historiko, literario, musikalak agertuko dira baina eurakaz batera gernikarrentzat tradizino honek daukan nortasun-balioa azpimarratuko da-, Gernikako ondare immaterial honi balioa emotea da dokumentalaren helburua. Proiektu multimedia hau Bizkaiko Marijesien ekitaldiagaz hasi zan, Gernikako Marijesiak eurak dira eragileak.

Berez grabaketak 2018ko marijesietan hasi ziran, soinu guztiz erreala eta kalez kalekoa hartzeko, eta orain alkarrizketa pertsonalak egiten aritu izan dira (gitxienez 45 lagunek parte hartu dabe). Kontuan hartu behar da dokumentalean ez dala off ahotsik egongo, eta azken batean, dokumentalean agertzen diren personen ahotik esango dirala esan beharreko guztiak.

Finantzaketaren aldetik, diru-iturri desbardinetara jo izan da erakunde publiko eta pribatuen artean aurrekontua bete ahal izateko. Egitasmoaren %30a ziurtatuta dago, BBK Fundazinoak emon dauanagaz. Gainera, ziurtatuta dago Gernika-Lumoko Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak diru-laguntza emongo dabena, baina kopurua zehaztu barik. Gernikaldeko hainbat enpresari be eskatuko jako dirua, izan be, ezinbestekoa da danen esku-hartzea.

Marijesiak