Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

Lehenengo aldiz, San Anton egunez Bilbon ez da animaliarik bedeinkatuko

created by Urkiolan, 12:00etako mezaren ostean bedeinkatuko dira |
|   Komunikazinoa

Pandemia hedatu zanetik, makina bat jarduera kultural, ludiko edo erlijioso atzeratu edo bertan behera itzi da, esate baterako, Bilboko San Anton eleizan aspalditik egiten dan animalien bedeinkazinorako ohikunea. Luis Alberto Loyo abade arduradunak iragarri dauanez, gizaldi honetan lehenengo aldiz jarduera hau bertan behera iztea erabagi dabe, “osasun-egoeraren eraginez”. Bizkaiko hainbat lekutan gordeten dabe ohitura hau baina, guztien gainetik, Bilboko San Anton eta Urkiolako santutegia nabarmentzen dira. Azken honetan, eguraldia lagun bada, eguerdiko hamabietan ospatuko da meza eta ostean Antonio Madinabeitia misiolariak animaliak bedeinkatuko ditu kanpoaldean, osasun-arauak betez. Oraindik edurra dago Anbotoren magalean baina Felix Moreno Abadetxeko arduradunak esan dauanez, errepidea eta aparkalekua garbitu dabez domekaz Urkiolara doazanek arazorik izan ez daien.

San Anton animalien zaindariaren eguna datorren domekaz, urtarrilak 17, ospatuko da. Egun berezia izango da, zalantza barik, Urkiolan, pandemiak eragindako egoerarako ezarritako xedapenak betez, eguerdian ospatuko dan mezan santutegian sartzen dan jente-kopuruaren %35a baino ezingo da batu. Joan dan azaroaren 14an Angel Mari Unzueta santutegiko parrokoa hil zanetik, Antonio Madinabeitia misiolaria buru dala ospatzen da domekaz eukaristia eta honek, ohikoa dauanez, ogiak bedeinkatuko ditu domeka honetako ospakizunean. Aurton, ez da San Anton eguneko zozketarik egingo eta jai liturgikoa domekaz danez, ez da errepikapenik be izango.

Bilbon, domekero lez, goizeko hamarrak eta erdietan ospatuko da meza San Anton eleizan eta ezohiko urte honetan ez da animalien bedeinkazinorik izango.

Argazkia: Felix Moreno