Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

Latinoamerikar, afrikar eta txinatar Mezak, Gabon usainaz

created by Bihar, domekaz |
|   Komunikazinoa

Bihar –abenduak 20, domeka-, hilean behin gure Eleizbarrutiko latinoamerikar eta afrikar alkarteak batzen dituan mezak ospatuko dira eta baita domekero Begoñako Kurutzea parrokian ospatzen dan meza txinatarra be. Lehenengo biek aldatu egin dabe ohiko eguna, Gabon aldia hurran dalako eta, euren esanetan, indarrean dagozan osasun murrizketen eraginez nahiko leukien lez ospatzerik ez daben arren, gogoan izango dabez Gabonak eta aldi honetako abesti eta adierazpenez baliatuko dira. Gainera, abenduaren 18aren inguruan ospatuko dira, hain zuzen be, Nazino Batuen Batzar Nagusiak Migratzailearen Nazinoarteko Egun lez aldarrikatu eban egunaren inguruan.

Meza latinoamerikarra antolatzen dauan taldetik jakinarazo dabenez, aurton be egingo dabe, ohikoa danez, ‘Umearen erakustaldia’, baina beste era batera, eleiza barruan eta ez Eleizaren inguruko kaleetan ibilaldia eginez. Ohiko lekuan, Bilboko San Luis Beltran parrokian, batuko dira arratsaldeko bostak eta erdietan. Meza afrikarraren kasuan, Eukaristia San Anton parrokian ospatuko da, arratsaldeko bostetan, eta txinatar alkartearena, Begoña auzoko Kurutzea parrokian, arratsaldeko bostak eta erdietan.

Eleizbarrutian errotutako ospakizunak

Johnny Vargas eleizbarrutiko abadeak, beragaz alkarlanean jarduten dauan taldeagaz batera, sustatzen eta koordinatzen dauan Meza latinoamerikarraren gainerako egunak honeek dira: urtarrilaren 31, otsailaren 28a, martxoaren 28a, apirilaren 25a, maiatzaren 30a eta ekainaren 13a.

Bilboko San Anton parrokian batzen dan eta Agustin Podka abadeak koordinatzen dauan afrikar alkartearen mezak aitatutako eleiza horretan ospatuko dabez Eukaristiak arratsaldeko bostetan, urtarrilaren 3an, otsailaren 7an, martxoaren 7an, apirilaren 11n, maiatzaren 2an eta ekainaren 6an.

Eta alkarte txinatarak, irailetik ekainera arteko domeka guztietan ospatzen dau Meza arratsaldeko bostak eta erdietan Begoña auzoko Kurutzea parrokian.

 

 

Umearen erakustaldia aurreko ekitaldi batean