Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

Lagungoko psikologo batek arreta eskaintzen dau urgentziazko telefonoan

created by Eleizbarrutiko Fundazinoak ADI egitarauan esku-hartzen dau |
|   Komunikazinoa

Gizarte Politiketarako Eusko Jaurlaritzako sailak ADI dispositiboa sustatzen dihardu Lagungo familia biderapenerako eleizbarrutiko zentroarekin batera, krisialdi honetan egoera benetan larri eta ahulean dagozan pertsonei laguntza psikologikoa eskaintzeko. Orain arte, 200 lagunetik gora izan dira arreta jaso dabenak, batez be telefono bidez, nahiz eta kasuren batean buruz buruko esku-hartzea gauzatu. Lagun asko hurreratzen ari da zerbitzura konfinamendu aldia amaitu ondoren, Ana Agirre egitarauaren koordinatzaileetako batek argitzen dauanez, “oraintxe agertu jakezalako bildurrak eta makina bat seme-alaba kezkatuta dago gurasoek bizi daben ahuleziagaitik”.

Egitaraua ahultasuna edo bazterketa jasaten daben pertsonei zuzenduta dago. Ana Agirre psikoterapeutaren esanetan, “aurretik, behin-behineko lanetan aritzeagaitik, etxeko lanetan aritzen ziran emakumeak izateagaitik,… ahuleziazko egoera bizi eben pertsonak dira programa honetara datozanak, covid-19 pandemiak are eta eragin gordinagoa izan dau-eta eurengan”.

Kasu batzuetan, Caritasek, Ellacuria Fundazinoak edo arreta psikologikoa ezinbestekoa dabela antzematen daben beste erakunde batzuek bialduta datoz programa honetara. Ana Agirrek nabarmendu dauanez, “isolamenduak eragin nabarmena izan dau aurretik be zailtasunak eukiezan pertsonengan”. Lagungo bere esku dagoana egiten saiatzen da, familiei eta gizabanakoei sustapen emozionala emoteko eta aurretik be bere zerbitzuen hartzaile ziranei laguntzeko.

Orain bizkorrago erantzun beharra dago. “Deitzen dabenetik psikologoa eurekin egoten dan arte ez da egun bat baino gehiago pasatzen, berehalako arreta eskatzen dauan urgentziazko baliabidea dalako”. Dispositiboak iraupen mugatua dau, baina epe luzeagora be laguntza behar dauan hainbat laguni arreta eskaintzen jarraitzeko bideak aztertzen dihardue.

Etxetik atarateko bildur

Oraindik batzuei kostatu egiten jake kalera urtetea. Ume asko kalera atarateko bildur da eta badira larri eta triste sentitzen diran pertsona nagusiak be… Orain azaleratu diran egoerak dira. Lagungo Fundazinoak uztailaren azkenera arte arreta eskainiko dau 688 768 218 telefonoan.