Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

“Lagundu eidazue gotzain ona izaten”

created by On Joseba Segura gotzainak bere ordenazinoan: |
|   Komunikazinoa

Horixe eskatu dau On Joseba Segura Etxezarraga Bilboko gotzain laguntzaile barriak gaur goizean Bilboko Santiago katedralean ospatu dan gotzain ordenazinoko eleizkizunean, azkenean egin dauan hitzaldian. Katedrala jentez lepo egon da eta bi mila lagun baino gehiagok jarraitu dau eleizkizuna zuzenean, eleiza barruan, klaustroan eta eleizpean, non lekuak eta pantaila erraldoiak ipini diran. Bilboko gotzaina buru dala, 18 gotzainek eta 250 abadek ospatu dabe alkar-meza eta Katedraleko Musika-kaperak girotu dau eleizkizuna. Ospakizun osoaren bideoa hemen.

Gotzain laguntzaile barriak bere ama Tere gogoratu dau lehenengo eta behin gotzain lez esan dituan lehen berbetan. On Josebak esan dauanez, “gaixotasun terminalak hitz egitea be galarazoten eutsanean”, hauxe idazten eutsan arbelean: “Joseba, ez eizu sinistu”. Amak errepikatzen eutsan eskaera hau “fede eta sendotasunean” eredugarri izanda, “apaltasunez eta leialtasunez”, “aparteko zeozer egiten ari zirala agertzeko asmo eta gurari barik” bizi izan diran “emakume eta gizon handi guztiei” gehitu deutse.

Bilboko gotzain laguntzaile barrian, izendapena ez sinisteko, izendapenaren eraginez zerbait dala ez uste izateko eskatu deutso, “Hego Amerikan esaten dabenez”, ‘Diositori’ eta, aldi berean, “nahiz eta kostatu” sinisteko eskatu deutso.

Gertutasuna eta esker ona adierazo deutso familiari, bizitzan zehar, abade lez jardun izan dauan alkarteetan lagun izan dituanei, Aita Santuari eta “Mariori, zure laguntzaile lez onartu nozulako”. Beren-beregi aitatu ditu, gainera, On Ricardo Blazquez kardinala, Julio Parrilla Riobambako (Ekuador) gotzaina, Jose bere aita eta Iñaki bere osaba.

On Joseba Segurak, bere ustez sinestedunek gizarte testuinguru barriak eskaini daikeena “beste barik, koherentzia” dala nabarmendu dau, hau da, bere eretxiz, “ideia barriak ez ezik, mundu honek eskatzen deuskuna, sinisten doguna benetan bizi daigula da”.

Gotzain laguntzaile lez bere gain hartzen dauan erantzukizuna dala-eta, berak benetan gurako leukena adierazo dau: On Mario gotzainagaz batera, “Bizkaiko Eliza honi lagundu, Jainkoak gizadi atsekabetuaren bidelagun izaten jarraitzen dauala eta Jainko horrek jente askori Barri Onak eroan gura deutsazala jakinarazo daian”.

Gaur egungo gizartearen hainbat erronka aitatu dau, lurraren biziraupenarena nabarmenduz, izan be, “hasi da harrapakaritza jasatea ezinezkoa dauala islatzen daben zeinuak erakusten”. Dalako erronka horreei aurre egiteko, ekintza bateratua ezinbestekoa dala esan dau, baina, “kontraesana badirudi be”, sinismen eta balioak zatitu egiten dira eta “gizatasunaren idiea bera be zalantzan jarten da jentaurrean, inguru batzuetan”.

On Joseba Segura gotzainak Andra Mariari deutsan debozinoa be argi geratu da bere berbetan, ministerio barrian “itxurakeriaren tronuak behera bota eta apalak goratzen dituan” Mariaren eskutik sartzen dala esan dau-eta.

Gotzain barriak, amaitu aurretik, “orain dala ordu bi sartu dan abade egin nozuen” guztiengana zuzendu da, “laguntza espirituala eta senide zuzenketa" eskatzeko, eta amaitzeko zera esan dau: "Lagundu eidazue gotzain ona izaten". Mezua osorik hemen

Gotzainaren homilia

On Mario Izeta eleizbarrutiko gotzainak “Eleiza dan Jainkoaren mahasti hau jagoteko ministerio ederraren” ardura emoten jakola esan deutso ordenagaiari bere homiliaren hasiera. Ministerioaren sena be gogoratu dau: “oinetara jarri, zerbitzatzeko”. Bilboko gotzainak gotzain laguntzaile barriaren lema be mintzagai izan dau: “Badakit Norengan fidatu nazan”. “Berak ez deutsu huts egingo –esan deutso-. Ondo dakizu zeure bizitzaren esperientziagaitik”. Lema hori agertzen da gotzain barriaren ezkutuan, non bere gotzain eginkizunaren alderdi garrantzitsuak adierazoten ditan: erdian Kurutzea, Biziaren Arbola irudikatzen dauana; oinetan, hiru mahats-mordo eta lau ahien dituan mahatsondoa sortzen da, zazpi sakramentuak gogoratuz. Gotzain barriak Ama Birjinari deutsan debozinoa kurutzearen oinarri dan Mariaren izenaren anagramaz nabarmentzen da. Homilia osoa hemen

On Joseba Segura gotzainak izendatutako abade bik ordenazinoa eskatu eta aurkeztu egin dabe: Francisko Pinillak, Bilboko Eleizbarrutian abade ordenatu dan azkenak, eta Eleizbarrutiko Seminarioan hezitzaile izan eban Juan Mª Lechosak.

Datorren ekainean Bilboko Santiago katedralean bertan abade egingo dan Alex Andreu diakonoak irakurri dau Aita Santuaren Bulda. Hau irakurri ondoren, eleizbarrutiko gotzainari aurkeztu jako, autortu daian, eta gotzain titularrak eta laguntzaileak alkarrizketan jardun dabe. Ondoren, gotzain guztiek eskuak ezarri deutsez ordenagaiari, sagarapen-otoitza egin da, krisma santuaz igurtzi eta sinboloak jaso ditu: eraztuna, mitra eta artzain-makila.

18 artzapezpiku eta gotzain

Eleizkizunean, 18 artzapezpiku eta gotzainek parte hartu dabe On Joseba Seguraren gotzain ordenazinoan: Gaur egun Gotzainen Batzarreko presidente eta Valladolideko artzapezpiku dan eta Bilboko gotzain izan zan On Ricardo Blazquez kardinala; On Francisco Perez Iruñako artzapezpikua; On Jesus Sanz Oviedoko artzapezpikua eta On Fidel Herraez Burgoseko artzapezpikua; On Mario Izeta Bilboko gotzaina; on Juan Carlos Elizalde Gasteizko gotzaina; on Jose Ignacio Munilla Donostiako gotzaina; On Manuel Sanchez Santanderreko gotzaina; On Francisco Jesus Mengibar Guadixeko gotzaina; On Abilio Martinez Osma-Soriako gotzaina; On Luis Quinteiro Tui-Vigoko gotzaina; Ekuadorretik etorritako On Julio Parrilla Riobambako gotzaina eta On Skiper Bladimir Yanez Babahoyoko gotzaina; On Manuel Ureña Zaragozako gotzain erretiratua; On Joan Maria Uriarte Donostiako gotzain erretiratua; On Juan Antonio Aznarez Iruñako gotzain laguntzailea; on Jose Cobo Madrileko gotzain laguntzailea; Nuntziatura Apostolikoko kontseilaria dan Michael F. Crotty eta hainbat erakundetako ordezkariak. 250 alkar-meza emoilegaz batera, Eleizbarruti osoko –batez be on Joseba Segurak bere abade ministerioa garatu izan dauan lekuetako eta baita Ekuadorreko- lekaideek, lekaimeek, fededun laikoek parte hartu dabe, katedrala lepo betez.