Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

“Kongok ez dau dana doan atera gura daben enpresa hiltzailerik behar”

created by Dieu Merci Pakasa kongoar abadea Bilboko Eleizbarrutian |
|   Komunikazinoa

Dieu Merci Pakasa Kongoko Errepublika Demokratikoko familia katoliko batean jaio zan. 2009an abade egin zan eta Inongoko Eleizbarrutiko (Kongoko mendebaldea) abade da. Hainbat urtez bere eleizbarrutian jardun ondoren, 2015ean Bizkaira etorri zan, Deustuko Unibersidadean teologia ikastera. Orain dala urtebete, Errekarte Pastoral Barrutiko taldean txertatu zan. “Pozarren” dago parrokietan eskaini deutsen harreragaitik. Ospatu barri dabezan hauteskundeen ostean bere herrialdean bizi daben aztoramendua dala-eta, Eleizaren egitekoa nabarmentzen dau, “inondik inora demokratikoa ez dan” botere politikoaren kontrapisua dala nabarmenduz.

Oposizinoak hauteskunde historikoak irabazi ditu; halanda be, Kongoko gotzainak ez dira emaitzez fio. Zer gertatzen ari da?

Auzi eztabaidagarria da. Hauteskundeen antolaketaz arduratu dan batzorde nazional independenteak (CENI) atzo, urtarrilak 10, argitaratu eban, urte biko atzerapenagaz, 2018.eko abenduaren 30ean ospatu ziran hauteskundeen emaitza. CENIren arabera, Mobutu presidente izan zanaren sasoitik Kongoko aurkari historikoa izan zan Etienne Tshisekedi zanaren semea dan Felix Tshisekedi Tshilombo oposizinoko hautagaiak irabazi ebazan hauteskundeak. Eleizak, Kongoko Gotzainen Batzarrak, bere bitartekaritza lanaren eraginez zeresan handia dauanak, argitaratutako emaitza horreek botoa emoteko leku desbardinetan jasotako emaitzagaz bat ez datozala adierazo dau. Kongoko gotzainen batzarra inondik inora demokratikoa ez dan botere politikoaren kontrapisua da.

Nazinoko eta nazinoarteko hainbat iturriren arabera, Kongoko herritar askok eta askok oposizinoko koalizinoaren hautagaia dan Martin Fayulu Madidiren aldeko botoa emon eban. Orain, dalako hautagai horren aldeko botoa erruz emon eben probintzietan jenteak bere desadostasuna erakutsi dau. Azken barrien arabera, bederatzi lagun hil dira istiluetan. Oraingoz, Martin Fayulu hautagaiak hamar egun ditu bere kexak gorte konstituzionalean aurkezteko eta oraindik ez dakigu egingo dauan ala ez. Eta ez dakigu datozan egunetan zer gertatuko dan.

Aberastasun handiko lurra eta milioika behartsu. Zein edo zer dago guzti horren atzean?

Kongon 80 milioi lagun baino gehiago bizi da eta, gehienak behartasun egoeran, lurraldeko lurpeko ondasunak itzelak diran arren. Kongo orain baino hobeto egon daiteke. Horretarako, arduradunek, lehenengo eta behin, herrien onura bilatu behar dabe eta multinazionalek bakean itzi behar dabe herrialdea. Herri honek asko sufritu dau eta sufritzen dihardu eta erru bakarra lurpean egundoko aberastasunak eukitea da. Sakelakoa badozu, Kondo daroazu sakelean. Ezinbestekoa ete da beti errubakoak hiltea lehengaiak eskuratzeko? Kongok inbertitzaileak behar ditu bere garapenerako eta herriaren ongizaterako, baina ez dau jabeak sakrifikatuz dna doan atara gura dauan enpresa hiltzailerik behar.

Datorren domekaz afrikar alkartearen topaketa ospatuko dozue Bizkaian. Zein da helburua?

Alkarte gaztea da eta Bilboko Eleizbarrutiko immigrazinorako pastoraltzaren laguntzari esker suspertzen dihardugu. Afrikako herrialde asko eta asko, batez be Sahara hegokoak, herrialde kristau eta katolikoak dira. Orain, aurrez aurre dogu migrazinoa, Europara eta Bilbora datorren jentearen mobimentua. Etorkin bakotxa bere izaeragaz dator. Baina konturatu gara, aldi berean, gure afrikar anai-arreba askok, hona heltzean, ahaztu egiten dauala alderdi erlijioso hori, edo aldatu egiten dabela erlijinoaren ikuspuntua, hainbat eragilerengaitik. Gure helburua, eurengan fedearen gar hori biztea da, geure testuinguruan, hau da Afrikatik euren barruan dakarren fede katolikoaren garra berbiztu, amatatu ez daiten eta Bilboko parrokia alkarteetan argi egin daian.

Deieu Merci Pakasa