Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

Kerman Lopez, Bilboko Eleizbarrutiko bikario nagusi barria

created by Lurraldeetako bikarioak sei izango dira |
|   Komunikazinoa

Orain arte I. eta II. Bikaritzetan lurraldeko bikario izan dan Kerman Lopezek hartuko dau 2011tik Eleizbarrutiaren gobernuan lagundu dauan Felix Alonsoren lekua bikaritza nagusian. Gueñeseko abade hau On Ricardo Blazquez Bilboko gotzain zala sartu zan Gotzain Kontseiluan 2006an eta bertan iraun dau gaur egun arte. Erantzukizun barria bere gain hartzean adierazo dauanez, “aukera ona da danok bat eginik Bizkaiko Eleizan Eleizbarrutiko Batzar Nagusia egin zanetik Ebanjelizatze-egitasmoen bitartez egin diguran apustuak arrera eroaten jarraitzeko”. Lurraldeetako sei bikario izango ditu Eleizbarrutiak abenduaren 3tik aurrera: Sergio Buiza (I. Bikaritza), Miguel Vera (II. Bikaritza), Fernando Marcos Ayjon (III. eta VII. Bikaritzak), Alex Alonso (IV. Bikaritza), Jose Mari Kortazar (V. Bikaritza) eta VI. Bikaritzako arduradun lez jarraituko dauan Ignacio Fernandez.

Bikario nagusia izendatu aurreko azterraldiaren lehenengo aldia burutu eta ondoren Eleizbarrutian kontsulta eginda, boto gehien jaso eben hiru hautagaietatik Kerman Lopezek lortu dau azkenean babes gehien. Bikario nagusi izango da abenduaren 3tik aurrera, orduan eratuko da-eta gotzain kontseilu lbarria, gotzainak, bikario nagusiak, lurraldeetako bikarioek eta idazkari nagusiak osatzen dabena.

Felix Alonso da gaur egungo bikario nagusia eta Eleizbarrutik Kuriako kantzelaria. 2018an jabetu zan karguaz, bikario nagusi izan zan Angel Mari Unzueta zanagaz batera eta karguan jarraitu dau On Joseba Segura Bilboko gotzainaren ondoan. Eleizbarrutiko Kurian jarraituko dau kantzelari lez eta epai bikario lez, besteak beste.

Bizkaiko Eleizaren babes zabala jaso dauan bikario nagusi barriak adierazo dauanez, “guztiz” bat dator ‘Bat gara. Creamos comunidad’ kurtso hasierako goiburuagaz eta horrexegaitik, “azterraldiko lehenengo aldiko emaitzak kontuan hartuta, neure prestasuna adierazo neban”.

Biografia-datuak

Kerman Lopez (Gueñes, 1957), 1984.eko ekainaren 2an egin zan abade eta Meatza inguruan jardun eban lehenengo urteetan. Handik Sestaora joan zan eta bost urte emon ebazan. Hainbat kargu izan eban Seminarioan: Bokazino Pastoraltza, abadegaien hezitzaile eta errektore zazpi urtez. Sasoi horretan sartu zan HOAC mobimentuan eta hemen kontsiliario izan da. 2006ko urtarrilean, Eleizbarrutiko Caritaseko gotzain ordezkari izendatu eben eta kargu hori Ezker aldeko –Meatza ingurua eta Enkarterriak (I-II Bikaritzak)- bikario karguaz batera garatu dau. Sestao Pastoral Barrutiko parrokiez arduratzen dan abadeen taldeko moderatzaile da.

Irakasle- eta teologia-ikasketak eginda ditu, mendizale amorratua da, betebeharrek izten deutsen bakotxean gozatzen dau zaletasun horretaz.

Gotzain Ordezkari Caritasen

Gaur egun dan Bilboko gotzainaren lekua hartu eban hau Ekuadorrera joan zanean. Hasieratik nabarmendu eban Caritas Bizkaiko Eleizaren “funtsezko” atal dana, senide zerbitzurako atal hori barik ez litzatekelako “Jesusek gura eban Eleiza izango”.

Kerman Lopezen esanetan, bada beretzat bete ez dan ametsa, hain zuzen be, senidetasunarena, hau da, “Caritas ez daitela beharrezkoa izan alderdi materialari, aberastasunaren banaketari dagokionez, banatuta dagoalako”.

Lurraldeetako bikarioak

Eleizbarrutian ezintasunen bat dabenei laguntzeko eratuta dagoan saileko arduradun dan Sergio Buizak hartuko dau Kerman Lopezen lekua I. Bikaritzan. 1977an egin zan abade eta Meatza inguruko Pastoral Barrutiko abadeen taldeko moderatzaile eta Euskalerriko Eskautak Bizkaia mobimentuko Eleizbarrutiko kontsiliario da. Gorren eta gor-itsuen aldeko arretarako Eleizbarrutiko zerbitzuko arduradun be bada FRATER mobimentuko (Desgaitasuna daben Pertsonen Kristau Anaidia) kontsiliario. Argi eta Gatz komunidadeko Meatza inguruko Pastoral Barrutiko kontsiliario da.

2016an abade egin zan Miguel Vera hezitzaile eta ikasketa-buru da Eleizbarrutiko Seminarioan eta laguntzaile Eleizbarrutiko Teologia eta Pastoraltza Institutuan. II. Bikaritzaz arduratuko da eta parroko lez jarraituko dau Galdamesen, Sopuertan, Artzentalesen, Villaverden eta Turtziosen.

Fernando Marcos Ayjon Abandoko San Bizente Martiria eta San Frantzisko Xabier parrokietako parrokoa 1994an egin zan abade eta Anton Rey abadearen lekua hartuko dau III-VII Bikaritzetako arduradun lez.

Ermua eta Mallabiako parroko eta Oiz-Anboto Pastoral Barutiko moderatzaile dan eta 1998an abade egin zan Alex Alonsok izango da IV. Bikaritzako bikario, Jose Agustin Maizen lekua hartuz.

1987an abade egin zan Jose Mari Kortazar arduratuko da V. Bikaritzaz. Arratia bailarako parrokien ardura daben abadeen taldeko moderatzaile da eta aurrerantzean, Jose Agustin Maizen ardurapean egoan Busturialdea eta Lea-Artibaiko arduraduna izango da.

2012an abade egin zan Ignacio Fernandezek VI. Bikaritzako lurraldeko bikario lez jarraituko dau. Leioa Pastoral Barrutiko abadeen taldeko modertzaile da, Lamiakoko parroko, katedraleko kalonje, Ministerio Ordenaturako Idazkaritzako kide eta Kontsultarien Kolegioko kide.