Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

Karidadeko Jesusen Mirabeek Jubileu-urtea hasi dabe

created by Atzo katedralean egin zan ospakizuna argazkitan |
|   Komunikazinoa

On Mario Izeta Bilboko gotzaina izan zan buru atzo –domeka-, Santiago katedralean, Karidadeko Jesusen Mirabeen Jubileu-urtearen hasieran, euren ordenaren sorreraren 150. urteurrenean. Alkar-meza emon eben, On Joseba Segura gotzain laguntzaileak, monja honeen kapilau dan eta Miribillako santa Josefa parrokiako parroko izan zan Anton Rey lurraldeko bikarioak eta Aitor Uribelarrea seminarioko errektore eta katedraleko kapituluko kabildoak. Eleizkizun berean, Frantzisko Aita Santuak Santuen Kausetarako Kongregazinoari Jesusen Bihotzeko santa Maria Josefarekin batera Karidadeko Jesusen Mirabeak kongregazinoa sortu eban on Mariano Jose Ibarguengoitia eta Zuloaga bilbotar abadearen Bertute heroikoak autortzen dituan dekretua aldarrikatzea baimendu deutsala be aitatu zan. Ospakizuneko irudiak, hemen.

Gotzainak bere homilian Santa Maria Josefa eta on Mariano Jose Ibarguengoitiaz jardun eban, “bihotz gardenak, Espiritu Santuaren goiargi eta eragina onartzeko gauza diranak” izan zirala esanez. Euren ondorengo diran Jesusen Mirabeei dagokienez, zera esan eban: “bitarteko guztiz leialak izan dira, eurok be Espirituaren doearen eragina onartu dabenak, ezinbesteko dan karisma hau Eleizan zabaltzeko. Sasoi honetan, egokia da Jesusen Mirabeek eta santa Josefak berak XIX. gizaldiaren bigarren erdian Bilbao suntsitu eban kolera-pandemiari aurre egiteko egin eben egundoko lana gogoratzea. Jaunak, unean-unean, bere egintza sustatzen dau, bere egintza aurrera eroango daben pertsonak sustatu egiten ditu eta euren merituak saritu”.

Eguneko irakurgaiak kontuan hartuta, On Mario Izeta gotzainak maitasuna nabarmendu eban: “maitasunik ez badot, ez naz ezer”. Honen haritik, honetaz jabetu behar dogula adierazoe ban: “ekintzak maitasun barik ez dau ezer balio. San Paulok dinoanez, dilin egiten dauan metalaren antzekoa da. Munduko ezagutza eta jakintza guztiak izan daikeguz, baina ‘maitasunik ez badot, ez naz ezer’. Jakintzarekin bakarrik, maitasunera ez bagaroaz, ‘ez naz ezer’, mendiak mobiduteko beste fede izan daiket, baina ‘maitasunik ez badot, ez naz ezer’. Maitasuna, gauza zehatzetan, eguneroko jardueretan, minutuz minutu, nik neuk, orain, bizitzan emoteko prest nagoan horretan, gaurko egunez bizitzan emon dodan horretan jokatzen da. Gauez horren azterketa egin beharko geunke: bizia emon ete dot gaur, neuren bizia emon ete deutset besteei zeinu zehatzetan? Pekatua autortzea, espero bezala ez dodala jokatu, santutasunerako deiari erantzun egokirik ez deutsadala emon autortzea da".

Jubileu-urtea dala-eta zera jakinarazi zan: Frantzisko Aita Santuak parkamen osoa emon deutsala kongregazinoari ohiko baldintzen arabera (sakramentu-autortza, eukaristia-komuninoa eta otoitza Aita Santuaren asmoen alde), bai atzo ospakizunean izan ziranentzat eta bai 2020.eko uztailaren 25etik 2021.eko uztailaren 25era kongregazinoaren eleizaren bat edo santa Josefaren izenpean dagoan parrokiaren bat bisitatu daienentzat. Ospakizuna osorik esteka honetan.

Jesusen Bihotzeko Santa Maria Josefa

1871n sortu eban kongregazinoa on Mariano Jose Ibarguengoitia abade bilbotarrarekin batera. Gaur egun, Jesusen Mirabeek, Jesusen Anai Zerbitzariek eta Laikoek santa Josefaren “maitasun eta sakrifiziozko” misino eta karisma garatzen jarraitzen dabe, gaixoei, nagusiei, umeei eta gizarteko behartsuenei arreta eskainiz. Ordena, europa, Amerika, Asia eta Afrikako 17 herrialdetan hedatuta dago. Bilbon, Miribilla auzoan, Jesusen Bihotzeko Santa Maria Josefa izenpeko eleiza zabaldu zan 2008an.

Martina Espinal ordenako Ama Nagusia. “Jubileu-urte hau grazia eta bedinkapenezko aldia da Jesusen Mirabeentzat”

Jubileu-urtearen hasieraren bezperetan, Martina Espinal Ama Nagusiak alkarrizketa emon eban web orrialde honetan. Osorik irakurteko, hemen.