Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

Kandelen bedeinkapenaz, aratuste aldiaren hasiera

created by Etniker Euskalerriaren etnografia-oharrak |
|   Komunikazinoa

Gaur, Kandelario egunez, aratuste aldia hasten da, astearte-inauteriz Garizuma aldiaren hasieragaz amaituko dana. Makina bat etxetan, asaben ohiturari eutsiz, ogi edo kremazko tostadak prestatzen dabez. Etniker Euskalerria taldeek batu eta Labayru Fundazinoaren atarian agertzen diran oharretan jasoten da egun honeei lotutako hainbat ohitura eta ohikune.

Gaur, Kandelario egunean, Jesukristo gure Jaunaren Aurkezpena tenpluan eta Andra Mariaren Garbikundea ospatzen doguz. Argien ohituraren jatorria, Simeon agurearen hitzetan datza; honek, Jesus tenpluan aurkeztu ebenean, autortza hau egin eban umea ikustean: hauxe da “herrietan argi egingo dauan Argia”.

Gure ohituretan, Etniker taldeen etnografia-oharretan jasoten danaren arabera, “erditu eta berrogei egunera, emakumeak tenplura joan behar eban garbitzera. Ama, umea eroian emagina edo senideren bat edo auzokoren bat lagun ebala, eleizara joaten zan abadeak emoten eban ‘post partum’ bedeinkapena jasotera. Ohikune labur eta bakuna zan, familiartean egiten zana eta euskeraz “eleizan sartzea” esaten jakon. Ohikunea amaitzeaz batera, amak kandela emoten eutsan abadeari eskaintza lez. Ohitura honen gain behera etorri zan eta, azkenean, hirurogeiko hamarkadan egiteari itzi jakon.

Gaurko egunez bedeinkatutako kandelak etxean gordeten ziran eta, gero, denporalea zanean bizten ziran, edo hilzorian egoan personaren logelan jarten ziran bere agonian laguntzeko, senitartekoren bat bidaian zenean bizten ziran, e.a…

Bihar, San Blas

Bihar, gotzaina buru izango da goizeko hamaiketan Abadiñon ospatuko dan Eukaristian. Ohitura danez, Abadiñoko San Trokaz Martiria parrokian zein Bilboko San NIkolas eleizan hariak bedeinkatuko dira egun osoan zehar.

Agata Donea

Datorren astelehenez, Agata Donearen egunaren bezperan, ikastetxeetako umeak eta hainbat abesbatza kalez kale ibiliko da Agata Donearen omenez. Hirurogeta zortzi urte bete dituan Arratiako abesbatzak Bizkaiko hainbat herritan abestuko dau. Batu daian dirua Caritasen esku itziko da.

Argazkia: Gontzal Fernández