Orokorra da sufrimentua?
Bai, gizon eta emakume guztion esperientzia da. Nork esan dezake inoiz ez dauala sufrimenturik bizi izan! Gutako bakotxak, ez zailtasun barik, geure esperientzia bizi dogu. Halanda be, guztiz desbardina da besteen sufrimentuan lagun egitea.
Lagun egiten dabenek be badabe sufrimenturik…
Askok eta askok adore handiz, ilusinoz, bokazinoz ekiten deutsagu eginkizun honi, guzti hori besteen oinazea geure gain hartzeko nahikoa balitz lez. Denporaren buruan konturatzen gara beste zerbait be behar dogula. Nekearen eragina gero eta nabarmenagoa da, mugako esperientzia neketsu egiten jaku, galderak barra-barra sortzen dira eta hasieran hain argi geunkana, gerora be baieztatu daikegun arren, ez da nahiko aurrera egiteko.
Puntu horretara heltzean, ze jarrera izan behar dogu?
Gure lan-taldea, lana emoten deustan erakundea, laneko hartu-emonak ez dira arazoaren muina. Sufrimentua lepoan hartu eta denpora asko, askotan urte asko, daroagula ekinean sentitzen dogu eta gure gaitasun errukiorra ahuldu egiten da. “Errukiaren nekea” sentitzen hasten gara.
Horretaz jabetu eta norbere buruari begiratzen eta laguntzen hastea funtsezkoa izango da sufritzen dabenen aldeko zerbitzu eta konpromisoan iraun ahal izateko.
Eskainiko dozu jardunbideren bat?
Guzti hau lantzen saiatuko naz, sufrimentua kontzeptua eta egoera horretan lagun egiteko jardunbideak, geure ahultasunaz jabetzeko bideak eta horri aurre egiteko eraginkortzat ikusi diran erak azalduz, eta guztiaz jabetuz, jakinaren gainean, bide honetan aurrera egiteko hazten jarraitzeko, bakotxari gehien laguntzen deutsen bitartekoak jarriz.
Bihar, irailak 25, martxan jarriko dira kurso hasierako tailerrak, Jose Antonio Badiolak arratsaldeko bostetan, Indautxuko Karmeneko Ama parrokian eskainiko dauan berbaldiaren ostean.