Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

Joseba Segura Etxezarraga, Bikario Nagusi barria

created by Gotzainak iragarri dau Eleizbarrutiak gotzain laguntzailea eukiko dauala |
|   Komunikazinoa

Gaur, Eguen Santuz, ospatzen dan Krisma-mezan, on Mario Izeta Bilboko Gotzainak Eleizbarrutiko bikario barriaren izena emon dau. Joseba Segura Etxezarraga eleizbarrutiko abadea izango da 2018-2019 ekiturtetik aurrera bikario nagusi, Angel Maria Unzueta Zamalloaren

lekuan. Bestalde, gotzainak iragarri dau Aita Santuak baimena emon dauela Bilboko Eleizbarrutian gotzain laguntzailea izendatzeko.

Iragarpen `esanguratsu´ bi egin dauz homiliaren amaiera on Mario Izeta gotzainak. Lehenengo eta behin, eskerrak emon deutsaz "bihotz-bihotzez" Angel Mari Unzuetari, urteotan "Eleizbarrutian dagozan sentsibilidadeak batzeko" eta Ebanjelizazino lanak aurrera ateratzeko egin dauazan ahaleginengaitik. Ondoren, egindako itaunketea amaituta eta dagokion hausnarketa eta otoitza eginda, Bikario Nagusi kargua Joseba Segura Etxezarragaren esku iztea erabagi dauala esan dau. Horretarako beronen pastoral esperientzia bai hemen zein misino lekuetan, bere onberatasuna, apaltasuna, jenteagaz harremanak izateko erreztasuna, prestutasuna zein arazoak kudeatzeko eta gobernatzeko gaitasunak azpimarratu dauz. Bestalde, "Ebanjelizazino zeregina bultzatzeko asmoz", Eleizbarrutian gotzain laguntzailea izateko Vatikanoari egindako eskabideari baiezkoa emon deutsala Aita Santuak iragarri dau gotzainak. Zehaztu dau, Frantzisko Aita Santuak baieztapena aurreko otsailaren batean Santa Martan beragaz ospatu eban Eukaristian emon eutsala. "Bihotzez eskertzen deutsat Aita Santuari gure Eleizbarrutiarenganako izan dauan zeinu hau zein izan genduan topaketa laburrean gure Eleizbarrutiaren ganean erakutsi eustazan ezagutza sakona eta estimua". Bikario Nagusi barriaren profila

Joseba Segura (Bilbao, 1958), Ekuadorren 12 urte egon eta gero, Otxarkoaga-Txurdinaga Pastoral Barrutiko parrokoa da gaur egun. Joseba Gallartan egin zan abade 1985ean eta Barakaldo eta San Inazio auzoan jardun izan dau pastoralgintzan, 2006an Ekuadorrera misinoetara joan zan arte. 1992etik 1996era, Segura Bostonen egon zan, ikasketak osatzen. Gizarte Pastoraltzarako eleizbarrutiko ordezkaria izan zan (1996-2006); Eleizbarrutiko Pastoral Kontseiluko kidea (1996-2006) eta Eleizbarrutiko Caritaseko Gotzain Ordezkaria.

Joan dan udan itzuli zan Bilbora. ‘Goazen!’ kurso hasierako tailerretan parte hartu eban hizlari lez, beste hainbat ekitalditan be izan da eta Garizuma aldiko hitzaldiren bat edo beste be emon dau. Pozik bueltatu zala inoan Segurak: “urte oso interesgarriak bizi izan dodaz Hego Amerikan, aldaketez eta erronkez betetako urteak, eta gorabehera guztien gainetik, aurrerapen esanguratsuak bizi izan dodaz herri honeen heldutasun politikoari dagokionez eta baita hobekuntzak be, zuzenago ala okerrago, orain arte beti ahatuta geratzen ziranen interesak bilatzeko aukeretan. Orain Europa zaharrera bueltatzea dagokit; ia hemen zer egiteko gauza garan”.

Bikario Nagusiaren eginkizunak

1. Zuzenean eta etenbarik laguntzen deutso Gotzainari elizbarrutiko gorabeheren inguruko gogoetan, bereizketan eta erabagian.

2. Gotzainaren ohiko eta behin-behineko mandatuak beteten ditu.

3. Pastoral funtzionala lurraldeko pastoralean txertatzeaz arduratzen da.

4. Gotzaitegiko zerbitzuak sustatzen eta koordinatzen ditu eta “Gotzaitegiko moderatzaile” lez ere jarduten dau (473, §3 kan.). Bikario Nagusiari dagokio, gainera organismo autonomoen jarraipen eta koordinazinoa.

5. Lurraldeetako Bikarioei zuzenean laguntzen deutse, batez ere Elizbarrutiko Pastoral Jarraibideen sustapenean, berariazko pastoralen sustapenean eta Lurraldeko Bikarioa heltzen ez dan egitekoetan, nahiz eta horregaitik Gotzainen eta Lurraldeetako Bikarioen arteko “bitarteko Instantzia” ez bihurtu.

6. Horretarako, bere ofizioaren arabera, Elizbarrutiko Gotzainari edozein jarduera administratibo gauzatzeko zuzenbidez dagokion ahalmen betearazlea dau, ondorengo honeetan izan ezik: a) Gotzainak beretzat bereizi dituanak; b) zuzenbidearen arabera, Gotzainaren apartek agindua eskatzen dabenak.