Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

Joseba Bakaikoa kaputxinoak Amazoniako bizipenak kontatu ditu

created by Aurrerantzean, Donostian biziko da |
|   Komunikazinoa

Joseba Bakaikoa Otxarkoagako komunidadeko kaputxinoak bueltatu da Ekuadorretik bost hilebeteren buruan eta orain Madrilera doa. Sei hilez izango da han heziketa jasoten eta, ostean, ordenak Donostian dauan komunidadera joango da bizitzera. Eleizbarrutiari agur esan aurretik bere esperientzia kontatu gura dau, makina bat izan diralako bizipenak eta, gainera, Alejandro Labaca eta Ines Arango misiolarien inguru haretan itzi eben herentzia erakutsi gura deusku.

Zergaitik joan zinan Ekuadorrera?

Otxarkoagako errealidadetik guztiz desbardina dan beste errealidade batean bizi gura nebalako, eta 1954tik aurrera nire anai kaputxinoen eskaintza jasoten dauan lurraldera joatea erabagi neban.

Ze berba erabiliko zeunke, esperientzia definitzeko?

“Gozoa”. Bost hil honeetan, denpora gehiena Orellana (Aguarico) probintzian egon naz. Amazoniako oihanean kokatuta dagoan probintzia da. Lur aberatsa da eta bertan petrolioa zein guretzat ezezagunak diran zuhaitzak aurkitu daitekez, esate baterako: zedroa, samona, ceiboa, kaoba, kanela, guayakana… Kakaoa, platanoa –hainbat klasetakoa- eta beste edozein fruta emoten ditu lur harek eta kopuru handietan, gainera.

Ze egoeratan dagoz inguruko alkartean?

Oihanaren oparotasunak, azkenean, hondamendia baino ez dakartse. Petrolio-konpainia handiek oihan handi horretako 360 lekutan petrolioa ataraten dihardue eta, ondorioz, suntsipena be ikaragarria da: bidexkak, bideak eta petrolio-isurtzeak… Gainera, putzu bakotxak bere erregailua dau, hau da, gau eta egun sua eta osasunerako substantzia kaltegarriak dariozan tutua. Herrialdeari diru gehien emoten deutsen Aguarico eta Sucumbios dira, bidegabekeriaren eraginez, Ekuadorreko lurralderik behartsuenak eta, aldi berean, minbizia-tasa altuenak dabezanak, aitatutako erregaiek eragindako kutsaduraren erruz. Horrezaz gainera, zur-konpainia handiek dana birrintzen dabe zuhaitzak neurri barik moztuz eta oihana agortuta itziz.

Orain Madrilen zagoz. Agur esango deutsazu Otxarkoagako komunidadeari?

Uztailaren amaiera arte Madrilen egongo naz frantziskotar senaren inguruko ikastaroa egiten, izan be, kaputxinook frantziskotarrak gara eta ezinbestekoa da geldialdia egin eta nondik nora jo behar dogun ikustea. Ikastaroa amaitu eta gero, Donostian daukagun komunidadean biziko naz. Edade handiko anaien senidetasuna da eta eurakaz biziko naz. Okendo kalean kulturako eleiza dogu eta norbaitek hara joan gura badau, harrera ona egingo jako. Baina, beste alde batetik, kanpaina egin gura dot Euskal Herrian Alejandro Labaca eta Ines Arango nortzuk izan ziran ezagutzera emoteko. Aguaricoko lur bedeinkatu harek jakin-mina bizten deutsenei, bestalde, adore emon gurako neuskie, eta hango jentearen alde zer egin daikien erakutsi.