Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

Jon Elordui: “Arazoak daukezan gazterik gehienak gizarteratzen dira”

created by Lagungo Fundazioko zuzendariak `Urren´ kasuko gaztetxoen inguruan |
|   Komunikazinoa

Bilboko Elizbarrutiko Lagungo Fundazioak laguntza psikologikoa emoten deutse familiei. Prozesu berezituak eukiten dabez arazoak daukezan gaztetxoakaz. Aparteko kasuentzako tratamentu terapeutikoak eskeintzen dabez eta inoiz lagundu behar izan deutse beste batzuk hil dauazan adin txikiko bati bere prozesuan. Jon Elorduik, Fundazioko zuzendariak dino hilketea bat egin edo eragin dauan adin txikikoa biktimarioa baina biktima be izaten dala gehienetan. Bere ustez, inportantea da egindakoaren erantzule dala jabetuazotea eta horrez ganera, hezitzea. Elizbarrutiko emisoran, Bizkaia Irratian egin deutse alkarrizketea Elorduiri `Urren´ kasua dala-ta.

Egunokaz danerik entzun izan da kasu honen harira. Zuk zelako hausnarketea egiten dozu?


Lehenengo eta behin besarkada handia `Urren´- en Zornotzako familiari. Holakoen aurrean emozinoak azalean eukiten doguz eta gure lehenengo erantzuna harritzea da eta ez onartzea. Baina inportantea da hausnarketa sakona egitea eta adin txikiko honeek honeek eta beste batzuk zergaitik agertzen dabezan jarrera bortitzak. Nire ume sasoian be ohikoa zan borrokak eukitea. Beste pausu bat emon behar dogu eta ikusi zelako familietan bizi diran, eskolan zelan dabilzan etabar. Askotan euren motxilak dakarrez eta kalean hezitzen dira. Ez da familiaren ardurea bakarrik, guztiona baino.


Baina, zelan irakurri gertau dana?


Lehenengo eta behin esango neuke, erasotzaileak biktimarioak dirala. Hau da, adin txikikoak izan arren, euren erantzukizuna jorratu behar da eta gogor eta sendo erantzun behar dogu egindakoaren aurrean. Horrek esan gura dau, mugak erakutsi behar jakezela, ze batzuen arazoa horixe da: ez dabe ikasi mugak neurtzen. Bestetik, tratamentu terapeutikoa eta hezitzailea eskeini behar jake.


Orain arte be egon dira adin txikiko erasotzaileak eta eurekin tratamentuak egin doguz eta positibotzat joko neuke bizi izan dogun esperientzia. Gogoratzen dot gugaz egon zan mutil bat. Bere momentuan beste mutil bi hil ebazan. 23 urtegaz sartu zan neugaz terapia egiten. Bere prozesua 14 urtegaz hasi zan. Gureta ez, baina istripuz beste mutil bi hil ebazan eta, bergizarteratu egin zan.

Kasu honetan 13 eta 16 urteko mutil bi izan dira. Ze tratamentu?


Gizarte zerbitzuek ikusi behar dabe zein dan mutil honeen egoerea eta horren araberako neurriak hartu. Argi dago gizarte lana egin behar dala eurekin. 14 urtetik gorakoen kasuetan europan sistema ezbardinak ezartzen dira. Hemen biologikoa da; hau da, zigorra zentru baten bete beharko dau. Heziketa programan hartu beharko dabe parte. Egindako kaltearen arduraz konturatzen erakutsi beharko deutse eta euren mundu emozionala lantzen. Kasu batzuetan familiagaz be egiten da lan. Oso inportantea da prebentzinoan inbertitzea eta Bizkaiko kasuan argi dago, beste leku batzuetan baino arazo gitxiago daukaguna honen inguruan baina halan da be, inportantea da holako prebentzino programak diruz laguntzen jarraitzea.