Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

Joan Maria Uriarte: zerbitzuzko bizitza

created by Bideoa, bere abadegintzaren 60. urteurrenean |
|   Komunikazinoa

On Joan Maria Uriarte Donostiako gotzain erretiratuak bere abadegintzaren 60. urteurrena ospatu dau aurton. Hori dala-eta, Gizarte Komunikabideetarako Eleizbarrutiko Sailak bideoa eratu dau. Bideo horretan -honako honegaz batera agertzen da bere aurrerakina-, bere bizitzaren errepasoa egiten da ibilbidean bidelagun izan dituan eta gaur egun bidelagun dituan hainbat lagunen lekukotasun oinarritzat hartuta. Pelikula osoaren esteka: hemen. Mediatekan DVDa maileguan eskatu gura bada: hemen.

Larogeta lau urte bete baditu be, on Joan Maria Uriarte jarduneko da oraindik: idatzi, bidaiatu eta berbaldiak emoten ditu. Laster Guadalajara eta Greziara joango da eta amaitzear dan urte honetan, “gelditu be ez da egin”. Ekainean, abadegintzaren Diamante, Urre eta Zidarrezko Ezteguen ospakizunean bera izan zan hizlari eta “ministerioa gaur egungo kultura inguruabarretan bizi” gaiaren inguruan jardun eban abade lagunen aurrean.

On Joan Maria Uriarte Fruizen jaio zan, 1933.eko ekainaren 7an eta 1957.eko uztailaren 28an egin zan abade. Teologian lizentziatua da Comillaseko Pontifize Unibersidadetik (1963) eta Psikologian, Lovainako Unibersidadetik (1974).

Hainbat kargutan aritu izan da eta, besteak beste, hezitzailea izan da Bilboko Seminario Txikian (1957-1960); Bilboko Seminario Nagusiko Zuzendari Espirituala (1963-70) eta Bilboko Seminario Nagusiko Errektorea (1974-77). 1976.eko irailaren 17an Maranazeko Gotzain Titular eta Bilboko Gotzain Laguntzaile izendatu eben eta 1976.eko urriaren 11 Gotzain sagaratu eben, eta 1991.eko urriaren 17an Zamorako gotzain izendatu. 1993an, Espainiako Gotzainen Batzarrak Abadeentzako Gotzain Batzordeko Presidente izendatu eban eta kargu bererako hautatu eben1996an be. 1999an, Espainiako Gotzainen Batzarreko Osoko Bilkurak Batzorde Eragileko kide aukeratu eban.

1999.eko irailaren 26tik urriaren 17ra Vatikanonan ospatu zan Gotzainen Sinodoaren Europarako II. Batzar Nagusi Berezian parte hartu eban, Gotzainen Batzarrak aukeratutako kide lez. 2000.eko urtarrilaren 13an Donostiako Gotzain izendatu eben eta 2000.eko otsailaren 27an Donostiako Gotzain karguaz jabetu zan. 2010.eko urtarrilaren 9tik aurrera, Donostiako gotzain erretiratua da.