Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

‘Jazotakoa jaso’ III. lehiaketaren sari-banaketa Avellaneda ikastetxean eta online egingo da

created by El próximo 28 de octubre |
|   Komunikazinoa

Urriaren 28an ospatuko da Eleizbarrutiko 16 ikastetxeen partaidetzagaz hirugarren urtez ospatu dan ‘Jazotakoa jaso’ bideoklipen lehiaketaren sari-banaketa. Urte berezi honetan, era berezian prestatu da ekitaldia be. Osasun krisia sortu aurretik aurreikusitakoaren arabera, ekitaldia Avellaneda ikastetxean ospatuko da, baina jente-kopuru mugatuagaz, eta bertan izango dira Bilboko gotzaina, eta lehiaketaren antolatzaile dan Kultur Erakundeen Mahaiko kideak. Eleizbarrutiko Ikastetxeen sareko beste sei ikastetxek online jasoko dabe saria euren egoitzetan eta Bilboko Eleizbarrutiaren youtube kanaletik jarraitu ahal izango dan topaketan parte hartzeko aukera izango dabe. Ekitaldiaren inguruan beste gauza bat nabarmendu daiteke: Somorrostro ikastegiko ikasleak arduratuko dirala azpiegitura teknikoaz, irakasgai hau daukielako orain ikus-entzunezko irakasgaian. Joan dan astelehenez egin zan datorren asteko ekitaldiaren entsegu orokorra.

Urriaren 28ko ekitaldi nagusia Avellaneda ikastetxean ospatuko da, hain zuzen be, beronek irabazi daualako bideoklipen lehenengo saria Hormek hitz egingo balute lanagaz. Bertan ospatzekotan ziran joan dan martxoaren 23an ‘EBI Steam Azoka” dalakoa eta horren barruan banatzekotan ziran sariak, baina pandemiaren eraginez dana atzeratu behar izan eben.

Bideoklipik onenari emoten jakon sariaz gainera –Avellaneda ikastetxeak irabazi dau-, eta lehiaketaren oinarrietan jasoten zan lez, hezkuntza maila bakotxeko bideorik onenak be saritu dira. Holan, Haur Hezkuntzako bideoklipik onenaren saria Elorrioko Maria Bitarteko ikastetxeak jasoko dau. Lehen Hezkuntzako lehenengo saria Santurtziko Santa Eulalia ikastetxearentzat da. Bigarren Hezkuntzan, Markinako Berakruz ikastola da saritua. Batxilergoko ikasleek aurkeztutako bideoklipen artean, Somorrostro ikastegiak lortu dau saria. Gernikako San Fidel ikastolari emon jako euskeraren erabilera egokiari emoten deutsen saria. Diziplinarteko kategorian, Bilboko Begoñazpi ikastolari emongo deutse lehenengo saria. Azkenik, jentearengandik boto gehien jaso dauan bideoklipa San Felix ikastetxearena izan da, 5.639 botorekin.

Kalidadezko bideoak

Angel Mari Unzueta Kultur Erakundeen Mahaiko kide eta bikario nagusi ohiak, Santiago Larrañaga Irakasle-eskola unibertsitarioko (BAM) zuzendariak eta Fernando Gorrotxategi Komunikabideetarako Eleizbarrutiko Saileko kideak osatzen daben epaimahaiak nabarmendu dauanez, “aurkeztutako bideoen maila altua izan da”. Eta positiboki baloratzen dau “ikastetxeek egin daben ahalegina jarritako denporara mugatzeko eta soinuaren kalidadea hobetzeko”. Aurton, gainera, lehiaketaren antolatzaile dan Eleizbarrutiko Kultur Erakundeen Mahaiak, Eleizbarrutiaren sorreraren 70. Urteurrenean, ikastetxe bakotxaren historiari beren-beregi balioa emon gura izan deutso. Euren esanetan, “honen haritik, lehiaketak bide emon dau ikasleek euren ikastetxearen historia eta, ondorioz, Bizkaiko eleizaren bizitzako zati garrantzitsu bat, era entretenigarrian ezagutzeko eta zabaltzeko”.

Somorrostro ikastegiko ikasleeak entseguan