Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

Javier Arellanok gidatuko ditu laikoek kurtso honetan ospatuko dabezan otoitzaldiak

created by Lehenengoa, atzo ospatu zan |
|   Komunikazinoa

Bizi dogun osasun-egoera dala-eta, soldatapeko pastoral mandatua daben laikoek aurton ez dabe ospatu sasoi honetan, gogarte etxeren batean, egiten izan daben egun bi eta erdiko erretiroa. Honen ordez, “eta gure espiritualtasuna lantzeko eremua eskaintzeko helburuagaz”, kurtsoan zehar bi bider alkartuko dira otoitz eta gogoetarako saio laburretan. Lehenengoa atzo ospatu eben Indautxuko Karmeneko Ama parrokiako areto nagusian eta bigarrena apirilaren 27an izango da.

Gaur egun Deustuko Unibertsitateko gizarte eta giza zientzien fakultateko dekano dan Javier Arellano Yanguas laikoak gidatuta ospatuko dabez aitatutako saio bi horreek. Lehenengoan, 25 laiko batu ziran eta Marisa Arias Laikotzarako Idazkaritzako zuzendariak azaldu ebanez, “sinistedun lez, aldi barrian/barrirako otoitz egin genduan eta bigarrenean, aldi barrian/barrirako Eleiza eraiki gaiaren inguruan jardungo dogu”.

Atzoko saioaren hasierako otoitzaren ondoren, “gaia aurkeztu jakun eta bakarka otoitz egiteko proposamena egin; bateratze lana etorri zan gero eta, azkenik, esker oneko otoitza eta bedeinkapena danontzat”. Arellanok egin eban sarreran, bizi dogun aldaketaren inguruan jardun eban: “aldaketa horren ezaugarriak, fedetik aurkezten deuskuzan erronkak eta, irekitasun eta konfiantzaz, kanpoan bizitzeko deia. Emauseko ikasleen kontaketaren haritik (Lk 24, 13-35) begiratu geuntsan geure buruari eta munduari”.