Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

Jardueraz betetako asteburua Eleizbarrutian

|   Komunikazinoa

Gaztetxo-gazteen inguruko gaiez arduratzen dan III-VII. Bikaritzako Mahaiaren eskutik begiraleen, gaztetxo-gazteen pastoralgintzarako eragile ebanjelizatzaileen eta erreferentzia taldeetako kideen topaketa ospatu zan joan dan zapatuz, urriak 21, Bilbon. Gainera, Nagusi azokan eleizbarrutiko ordezkaritzak parte hartu eban eta Ipar-hegoaldea ikastaroen lehenengo saioa ospatu zan. Horra hor, besteak beste, Eleizbarrutiak antolatuta ala bere parte-hartzeagaz asteburuan izan diran jardueretako batzuk.

Urriaren 21ean, zapatuz, hainbat adinetako 40 lagun inguru batu zan Barria eraikineko lokaletan (Plaza Barria, Bilbao), Gaztetxo-gazteen inguruko gaiez arduratzen dan Bilboko Bikaritzetako Mahaiak deituta. San Fausto, Arraizpe (Errekalde), Santutxu, Artxandape, Alde Zaharra, Bilborriaga (La Peña), Miribilla-San Adrian-San Luis Beltran eta Artagan Pastoral Barrutietako (PB) ordezkaritza izan zan. Abade, lekaime eta laikoak alkartu ziran, “lagun egitearen espiritualtasunerako batzarrei” hasiera emoteko.

Nagusi

Ehunka lagun igaro da barikutik domekara BECen ospatu dan Nagusi azokan parte hartu dauan Eleizbarrutiko ordezkaritzak ipinitako standean. Beste urteetan lez, Eleizbarrutian persona nagusien arloan jarduten daben erakundeetako kideak izan dira azokan: Karidade eta Zuzentasunerako eta Fede-zabalkunde eta Katekesirako Ordezkaritzak, Eleizbarrutiko Caritas eta Bizian Gora Eleizbarrutiko mobimentua.

Oraingoan, standean, Eleizbarrutiak persona nagusientzat eskaintzen dituan zerbitzuen inguruan barri emoteaz gainera, erremu bi bereiztu izan dira: lehenengoan, buzoi bat jarri dabe eta bertaratutakoek oharrak sartu izan dabez bertan, Eleizari nagusientzat zerbait eskatuz. Bigarrenean, ‘Emoji’ pelikularen haritik, Eleizbarrutiak persona nagusientzat eskaintzen dituan proposamenei buruzko eretxia emon ahal izan dabe emotikonoen bidez.

Misiolari astea eta Ipar-hegoaldea ikastaroa

DOMUND eguna ospatu zan atzo, hau da, Eleizaren urteroko misiolari eguna eta, hori dala-eta, joan dan aste osoan, Misinoetarako ordezkaritzak egitarau zabala garatu izan dau ikastetxeetan, misinoen inguruan kontzientziatzeko eta eremu horren inguruan barri emoteko.

Burgoseko abade eta Brasilen misiolari dan Luis Angel Plaza Bizkaian izan da, Misinoetarako ordezkaritzak konbidatuta, DOMUND egunaren inguruko kanpaina dala-eta. Burgoseko mendi inguruan abade lanetan zortzi urte igaro ondoren, Luis Angel Brasilera joan zan misiolari lez IEME (atzerriko misinoetarako espainiar institutua) erakundearen bitartez. Hogeta bat urtez jardun izan dau han.

Joan dan astean, Luis Angelek bere misiolari esperientzia kontatu dau Bilboko Eleizbarrutiko hainbat ikastetxetan, misiolari alderdia agertzera emoteko eta munduan zehar, pobretasunez eta bazterketaz jantzitako makina bat eremutan jarduten diharduan hainbeste misiolariren konpromisoa ezagutarazoteko. Mertxe Aguirre Misinoetarako ordezkaritzako kideak suspertu izan dauan egiteko honetan, hau da ikastetxeetan lekukotasuna emonez, Luis Angelegaz batera ibili dira Josune Larrakoetxea eta Irati Amezaga, biak ala biak Ipar-hegoaldea ikastaroetako aldi desbardinetako partaideak. Eta, horrezaz gainera, Luis Angel eleizbarrutiko abadegaiakaz be batzartu da.

Beste alde batetik, joan dan eguaztenez aurkeztu zan Ipar-hegoaldea ikastaroaren aurtengo ekitaldia. Aurkezpenaren ostean, joan dan zapatuz egin eben Bilboko Barria eraikineko lokaletan lehenengo saioa Patxi Zabalo Sarrikoko unibersidadeko irakaslearen eskutik. Ikastaroari hasiera emoteko, gaur egungo munduaren osoko ikuspuntua eskaini eutsen Zabalok partaideei.

Bikaritzaren eguna Arratian

Asteburu honetan ospatu da Arratiako Eleizaren egunaren 31. ekitaldia. Jaunaren eguna ospatzeko eleizkizunen 30. urteurrena gogoratuz, omenaldia eskaini eutsien 44 ospatzaileri, lehen jardun izan dabenei eta orain ari diranei. Argazkian hemen

Abian da otoitz-eskola Seminarioan

Joan dan barikuz, urriak 20, ekin eutsen Bilboko Seminarioak suspertu gura dauan ekimen barriari: Otoitz-eskola.

Hainbat lekutatik etorritako 40 lagun inguruk parte hartu eban Seminarioak eskainita hilaren hirugarren barikuz otoitzaren inguruan hausnartzeko –zelan hasi, argibideak, otoitz-motak…- egingo dan tailer honetan. Jarraibide batzuk emon ondoren, saioaren bigarren zatian partaideek domekako testuakaz praktika egiteko aukera izan eben: zer dino testuak, zer dinost neuri, zertara konprometitzen nau…

Gaztetxo-gazteen gaiez arduratzen dan III-VII. Bikaritzetako Mahaiko partaideak