Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

Jakinbide eleizbarrutiko liburu-dendak “kultura bonoak” ekimenean parte hartuko dau

|   Komunikazinoa

Gaur irailak 14, Bizkaiko Foru Aldundiakkultura bonoak” atarako ditu barriro. Hamabost edo hogeita bost euro kostatuko diran eta 40 euroko balioa izango daben 28.800 txartel jarriko ditu salgai, sektore honetan kontsumoa eragiteko eta sustatzeko. Jakinbide eleizbarrutiko liburu-dendak (Ledesma, 6) ekimenean parte hartuko dauanez, dalako txartel horreek bertan be erabili ahal izango dira.

Bizkaiko Foru Aldundiaren proposamen honen bitartez, azken hilebeteotan osasun-krisiaren astindu gogora jasan dauan sektoreari lagundu gura jako. Motaren arabera, 15 edo 25 eurotako txartelak erosten dituanak 40 eurorengaitik trukatu ahal izango dabez atxikitako denda eta lekuetan. CECOBI eta Kutxabank erakundeen babesa dauan jarduera honetako txartelak aitatutako banku-etxearen terminaletan edo bere web orrialdean eskuratu ahal izango dira. Lehenago agortzen ez badira, 2021.eko maiatzaren 24ra arte erosi daitekez.

Ekitaldi honetan, beste batzuetan baino beherapen handiagoak egingo dira. A motako BAKB txartelak 25 euro balio ditu eta 17.000 jarriko dira salgai 40 euroko balioagaz. Txartel honeek edozein produktu kultural –liburuak, musika, pelikulak, dokumentalak, jokoak, bideo-jokoak, museoak, zinea, antzerkia, dantza,…- eskuratzeko balioko dabe. B motako BAKB txartelak 15 euro balio ditu, 9.800 txartel jarriko dira salgai 40 euroko balioagaz eta bakarrik euskerazko produktu eta zerbitzuetan erabili daitekez.