Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

Jabier Kalzakortak baladak ikertzeko aproposa dan lana aurkeztu dau

created by Gai erlijiosokoak be badagoz |
|   Komunikazinoa

Deustuko Unibersidadeko doktore eta irakasle, Euskaltzaindiako kide eta Labayru Fundazinoko ohiko laguntzailea danak “Euskal baladak: azterketa eta edizio kritikoa” liburua aurkeztu eban atzo. Liburuki bi dira eta orain arte ezagututako bertsino guztiak eta barri batzuk jasoten dabez. Askotariko gaiak agertzen dira ehun balada ingurutan, balada erlijiosoen multzoa esanguratsua dalarik. Labayru Fundazinoak eta liburuaren egileak berak aurkeztu eben atzo euskerazko ahozko literaturaren generorik baliotsu honen bildumarik osoenetakoa da berau. Jabier kaltzakortak bere tesirako egin eban lan honek 1.500 orrialde ditu liburu bitan banatuta eta orain arte ezezagunak ziran edo ikertzaileen esku ez egozan baladak jasoten ditu.

Kaltzakortak, aurkezpenean, hainbat balada aurkeztu eban jatorrizko bertsinoan, hizkuntzaren aniztasun eta aberastasuna eta gaien oparotasuna –ehun inguru dira- agertzera emoteko. “Baladetan, gai gogorrak aurkitu dodaz –esan eban-, leialtasunik eza edo traizinoa, estate baterako, eta baita maitasuna be”. Erlejinoaren inguruko gaia be askotan agertzen da, esate baterako, Jesusen Nekaldia “indartsu” agertzen da eta baita San Inazioren bizitza be… Gitxitan jorratzen da Jesusen jaiotzaren gaia. “Arantzazu edo Arrateri eskainitako baladak be aurkitu dodaz, askotan gatxa bada be zertaz diharduen jakitea. Normalean, nire ustez, inguruaren edertasunagaz dabe zerikusia”.

Labayru Fundazioa

Adolfo Arejita fundazinoko zuzendariak eskerrak emon eutsazan egileari eta egindako lan handia goratu eban, izan ere, bere ustez, aurrerantzean “ikerlarien nahitaez joko beharko dabe bertara kontsulta egitera”. Labayru fundazinoak argitaratu dau lana BBKren eta egilearen jaioterria dan Markinako Udalaren laguntzagaz eta aurreko bildumetan jaso barik egozan 250 balada inguru batzen ditu. Balada ezezagunen bat aurkitzean zer sentitzen eban galdetu jakonean, Kaltzakortak esan dau akuilu zala ordu asko eskaini deutsazan lan nekez honegaz jarraitzeko.