Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

Izeta eta Uriarte gotzainak: “Ezin da zuzentasun bako adiskidetzerik egon”

created by Gotzainen arteko alkarrizketaren bideoa |
|   Komunikazinoa

Bilboko Eleizbarrutiko komunikabideen sailak joan dan maiatzaren 25ean eleizbarrutiko seminarioan gertatu zan Bilboko gotzainaren eta Donostiako gotzain erretiratuaren arteko solasaldiaren bideoa argitaratu dau. Angel Maria Unzueta bikario nagusiak moderatzaile lanetan zala, Bizkaiko Eleizaren bake eta adiskidetzearen arloko lehen, orain eta geroaz jardun eben. Biek ala biek adierazo ebenez, “ezin da adiskidetze benetako eta iraunkorrik egon zuzentazunez jokatzen ez bada”.

Irudietan ikusten danez, giro adeitsu eta nasaia antzematen zan gotzainen arteko solasaldian eta eleizbarrutiko aldizkariaren 250. alea kaleratu izana ospatzeko “bake eta adiskidetzeari” buruzko aparteko txostenean zabaltzeko helburuagaz pentsatu zan.

Hemen ikusi Alkarren Barri – Comunicación aldizkariaren multimedia bertsinoaz gainera, esteka honetan 2011 eta 2013 bitarteko hainbat aletan gaiaren inguruan idatzitako hainbat artikulu jasoten da.

Alkarrizketa Manu Arrueri

Gotzainen arteko alkarrizketaz gainera, eleizbarrutiko aldizkarian argitaratutako txosten berezia gaur egun Eleizbarrutian bake eta adiskidetzearen saileko arduraduna dan Manu Arrue jesuitari egindako alkarrizketaz osatzen da. Datorren kursotik aurrera, jesuitak bake eta adiskidetzeari buruzko egitasmoa zuzenduko dau Loiolan.

Azken lau urteotan gai honen inguruan Bizkaiko Eleizan garatu izan diran jardueren errepasoa egiten dau. “Bake topaketak” dalakoak aitatzen ditu lehenengo, bertan era askotako biktimak izan diralarik euren lekukotasuna eskainiz eta, azken batean, “danak batzen dituan” sufrimenduaren barri emonez. “Kartzelan zein kartzelatik kanpo” mindutako personen eta mina eragin dabenen artean izan diran topaketak be azaldu ditu; topaketa horreek “gizartearentzat bedeinkapena” dirala dino, izan be, gatxena lortu bada, “zelan ez dogu, ba, gainerakook egingo?”.