Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

Isaak Totorika La Olivako abata hil da

created by Goian Bego! |
|   Komunikazinoa

Goizaldean hil da Iruñan, 59 urteko zala, Isaak Totorika monje zistertar bizkaitarra. 2009an La Oliva Monasterioko Abat izendatu eben eta aurretik hainbat urtez egon zan Ziortzako Monasterioan, bertako komunidadeko nagusi be izan zalarik. Bere arimaren aldeko hileta-eleizkizuna bihar, eguaztena, ospatuko da La Olivan eta bertan hobiratuko dabe eta laster Eukaristia ospatuko da bere oroimenez Ermua bere jaioterrian.

Isaak Ermuko semea 1993.eko martxoan sartu zan La Olivan eta bost hilebeteren buruan nobizio-abitua hartu eban. 1994an Ziortzara joan zan eta lehenengo profesa egin eban 1995.eko abuztuaren 15ean eta profesa nagusia 1998.eko uztailaren 31n. 2007ko abenduan abade egin zan eta 2009ko urtarriletik La Olivara joan zan arte, Ziortzako Nagusi izan zan. La Olivako nagusi izendatu ebenean, “ilusinoz beteta” egoala adierazo eban Isaakek eta “tradizino handiko monasterio ha sendotzea” nahiko eukeala. Orduan esan ebanez, gainera, La Olivara joateko erabagia hartzeak arlo espiritualean hazten lagundu eutsan: “hazi egin naz Jainkoarekiko hartu-emonean. Zurrumurruak heldu jatazan, La Olivako anaiek ni euren abat izendatzea nahi ebela-eta. Zentzugabekeria zala pentsatzen neban, alde batetik nire gaitasunak mugatuak ziralako eta, batez be, nire urteera kolpe handia izango zalako Ziortzarako. Gizon lez, aukera hori baztertu egiten neban. Jaunari erronka egitera ausartu nintzan eta, Bibliako kontaketetan lez, zeinu txiki bat eskatu neutsan. Bereizketa espiritual sakonaren ostean, kapitulura joan eta bertan erabagitzen zana onartzeko prest heldu nintzan”.

Isaakek ospakizun horretan autortu ebanez, pozik heldu zan La Olivara: “Eskerrak emoten deutsadaz Jaunari Monasterioak gizon eta sinistedun lez hazten lagundu deustalako. Maitatzeko gaitasuna emon deidala eskatzen deutsat Jaunari, gaitasun hori maitatua sentitzetik baino ezin dala jadetsi jabetuta. Otoitzak lagundu deidala Jainkoarenganako eta besteenganako maitasunari bizirik eusten, holan anai-arreben artean Kristoren presentzia agertzera emoten saiatuz. Une hau fedearen ikuspuntutik bizi gura dot: Jaunak, Pedrorekin egin eban lez, nik gura ez neban lekura eroan badau, bera nirekin etortea espero dot. Horixe da nire itxaropena eta konfiantza”.

Monje bikaina

Isaaken lagun mina zan Angel Mari Unzueta eleizbarrutiko abade eta bikario nagusi ohiak bere atsekabea erakutsi dau haren heriotzagaitik. Bere esanetan, “monje bikaina izan da, egoera eta leku guztietan Barri Onaren poztasuna bihotzez transmititzen ebana. Bere bizitza zerbitzutzat hartu dau beti, apaltasunez eta eskuzabaltasunez besteen alde eskaintzeko. Azken txanpan, esku onetan, Jainko Aitaren eskuetan egoala ekian. Egundoko hutsunea izten dau bere Ermuko familian, ezagutu izan daben guztiengan eta Ziortzako eta La Olivako bere familietan. Baina, batez be, fedezko lekukotasun sakona izten deusku. Benetan, maitagarria zan”.

Besteen aldeko zerbitzua bizimodu bihurtuta

Alex Alonso eleizbarrutiko abade eta Ermuko parrokoak be hartu-emon estua eban Isaakekin aspalditik eta gogoan dau ermuarra: “egia esan, bata edo bestea dala (zabortegia, Covid-19aren agerraldi barria,…), Ermuak ez dau sasoirik onena bizi. Santiago zaindariaren jaiak ospatzen egon behar genduanean, Isaak Totorikaren bat-bateko heriotzak bihotzak astindu deuskuz; egundoko kolpea! Hemen danek ezagutzen eben eta maitatzen. Bera eta bere familia osoa estu lotuta dagoz herri honen historiari. Maite doguz, maitagarriak diralako.

Isaaken bokazinoa Santiago apostolua parrokia alkarteari eta On Teodoro Zuazua abadeari lotuta baino ez da ulertzen. Bai Isaakek eta bai On Teodorok besteen aldeko zerbitzua bizimodu bihurtu eben.

Gogoan dot 1993an Isaakek monje izatea erabagi ebanekoa, harritu egin ninduan, baina baita asko poztu be, beti lez irribarre lasaiaz eta bakea islatuz, zoriontsu zala igartzen jakolako. Orduan urte bi neroiazan Eleizbarrutiko Seminarioan eta alkarri adore emoten geuntsan geure ibilbideetan, alkarrengandik urrun, baina oso gertu fede eta adiskidetasunean. Nok esango euskun guri 2009an bata La Olivako Abat eta bestea Ermuko parroko izango ginanik! Jainkoaren bideak!

Eskerrik asko, Isaak, klausurako monje lez emon deuskuzun lekukotasunagaitik, zure monjeei, zure familiari, zure adiskideei eta hainbesteko pazientzia, alaitasun eta naturaltasunez harrera egiten zeuntsen guztiei erakutsi deutsezun maitasunagaitik.

San Paulok Kolosarrei idatzitako berbok oso ondo jasoten dabe guretzat izan zaran guztia: “Jantzi zaiteze erruki samurraz, ontasunaz, apaltasunaz, gozotasunaz eta ulermenaz”. Jauna, emoiozu atsedena! Egun handira arte, Isaak!”.

Angel Mari Unzuetaren berbekin amaituko dogu: “Gutxik lez bizi izan ditu Isaakek Lukasen ebanjelioan agertzen diran Jesusen berbok: Zuen artean nagusiena izan bedi gazteenaren pareko, eta agintaria zerbitzariaren pareko. Horregaitik entzun dau beste esaldi hau: Ederto, morroi zintzo eta jatorra! Sartu zure nagusiaren jaia ospatzera. Bere azkeneko txanpan esaten eustan: Bere eskuetan gagoz; bere eskuetan nago. Zulo galanta itxi badau ere, ez da txikiagoa berak emondako testigantza. Monjea izan da goitik behera, Jainkoaren adiskidea, Ebanjelioaren bizi-poza zabaltzen ekiana, maitalea eta maitagarria erabat”.

Goian Bego!