Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

Iruñea eta Tutera, Bilbao, Vitoria-Gasteiz, Donostia eta Baionako Gotzainak ETAren adierazpenaren aurrean

|   Komunikazinoa

Hona hemen Nafarroa, Euskadi eta Baionako gotzainek ETAren adierazpenaren harira argitaratu daben oharra.

1.- Iruñea eta Tutera, Bilbao, Vitoria-Gasteiz, Donostia eta Baionan presente dagoen Eliza katolikoak, baloratu egiten du 60 urtetako heriotza eta sufrimen historiaren ondoren ETA erakunde terroristak “Eragindako kalteari buruzko adierazpena” izenarekin egindako adierazpenak duen alderdi baikorra. Bihotzez opa dugu, “Bakea zuei” Bibliako agurra gure lurrean betiko errotzea.

2.- Egoera honetan, era berezian berresten dugu indarkeriaren biktima guztiekiko eta haien senideekiko gure solidaritza, bereziki haiei eragindako atentatuak oraindik argitu gabe dituztenak eta inpunitate horrek eragin dien sufrimena nozitzen dutenak. Haien oroipenak eta beraien aldeko otoitzak gugan iraun behar du beti. Ezin dugu ahaztu Jesu Kristok aldarrikatutako zoriontasunen mezua, gaur bereziki entzuten dugularik haien oihartzuna biktima guztiei zuzendua (Ik. Mt 5).

3.- Jesu Kristorengandik jaso du Elizak bake- eta zuzentasun-, kontsolamendu- eta adiskidetze-bitarteko izateko bokazioa. Urte hauetan guztietan, elizako kide diren gizon eta emakume askok duten onena eman dute lan honetan, askok heroi eran eman ere. Baina badakigu gurea artean gertatu direla inoiz konplizitateak, anbiguotasunak, isilik geratzeak… eta barkamen eskatzen dugu egiaz. Nazareteko Jesusen jarraitzaile garenez, badakigu etengabeko bihotz-berritze jarreraz bizi behar dugula, beti egiaren zerbitzuan eta bide berri bati ekin behar dioten pertsonekiko harrera oneko jarreraz.

4.- Indarkeriak eragin duen sufrimen izugarri eta jarraiko horretaz gain, gure herriak min espiritual eta sozial neurtezina ere jasan du, indarkeria elikatu zuten ideologia totalitario eta idolatrikoek eraginda. Bizi dugun garai honetan, berregituratze moralaren eta adiskidetzearen erronkari ekin behar dio gure gizarteak. Elizak lan horretan lagundu nahi du, jakinik berregite morala lotu-lotua dagoela ebanjelioaren baloreekin.

5.- Desio genuen ETAren desagertzeak aukera berriak zabaltzen dizkio normalizazioari, guztiek probestu behar lituzketen aukerak, izan ere. Gogoan ditugu, hainbat behar humanitarioek eraginda presoen familiek egindako hainbat eskabideri erantzun beharra. Garrantzitsua da kartzelatik ateratzen direnak bere sorterrira itzultzea indarkeriaren biktimak umiliatuak izan gabe egitea.

6.- Bakearen eta adiskidetzearen giltza giza bihotzaren zinezkotasunean dago. Apaltasunean oinarrituta bakarrik eraiki daiteke bakea zuzentasunez. Egiazko adiskidetzea benetako damua eta barkamen eskabidea dagoenean bakarrik gerta daiteke; beharrezkoa da, ahal den neurrian, egindako kaltea konpontzeko ahalegina ere.

Errukiaren Jainkoak argi gaitzala guztiok, bakearen bidean aurrera egiteko.

On Francisco Pérez, Iruñea eta Tuterako artzapezpikua

On Mario Izeta, Bilboko gotzaina

On José Ignacio Munilla, Donostiako gotzaina

On Juan Carlos Elizalde, Gasteizko gotzaina

On Juan Antonio Aznárez, Iruñako gotzain laguntzailea

On Marc Aillet, Baionako gotzaina