Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

Iraide Donaire misiolariak bere eretxia emon dau Amazoniako petrolio-isurketa dala-eta

|   Komunikazinoa

Iraide Donaire misiolari durangarrak 2019ko uztailean joan zan Ekuadorrera eta han dihardu Ekuadorreko Amazoniako Aguaricoko Bikariotza Apostolikoan talde misiolarian lanean. Eleizbarrutietako Misinoek bialdu eben eta urte bi igaroko ditu han. Apirilaren 7an, luizi bat egon zan eta petrolioa garraiatzen daben tutu bi apurtu ziran, ondorioz egungoko petrolio-isurketa gertatu zan eta Napo eta Coca ibaiak kutsatu ziran. Hain zuzen be, gai horren inguruan hitz egin dogu berarekin eta azaldu dauanez, “egoera honek batez be komunidade indigenetan dau eragina, erreka horreetako ura edaten dabelako egunero, ur horrekin sukaldatzen, bainatzeko be ur hori darabilelako eta azkenaldian arrantza oparoa be jadesten ebelako baina orain, isurketaren eraginez, arrainak hil egin dira”.

Donaireren esanetan, Bikariotza hasieratik arduratu da ibai horreei lotutako pertsonen egoeraz, batez be, petrolio-konpainiak eta gobernuak gertaera hau ezkutatzen saiatu diralako: “geure aldetik jadetsi dogu informazinoa eta, ondoren, argitaratu eta barri emon dogu, egoera salatzeaz batera, hainbat komunikabidetan”. Heldu dira laguntza material batzuk eta udalarekin koordinatuta komunidadeetara bideratzen dihardue; misinoan indigenen pastoraltzan diharduen pertsonen bidez komunidadeko kideengana hurreratu dira, jentea zelan dagoan ikusteko eta argazkiak atara eta bideoak grabatzeko, hango egoera agertuz hango pertsonei ahotsa emonez.

Iraide

Iraide, Ekuadorrera joan aurretik, eskaut mobimentuko kide eta begirale zan eta Durangoko Pastoral Barrutian (PB) txertatuta egoan. Misinoen aurtengo kanpainarako grabatutako bideoan kontatzen dauanez, aurretik be behin baino gehiagotan joan zan Ekuadorrera, lankidetza eta pastoral jarduera misiolarietan esku-hartuz. Hausnarketa eta bereizketa prozesuaren ostean, esperientzia sakonagoa bizitzea erabagi eban eta orain dala hilebete batzuk ekin eutsan esperientzia honi. Gaur egun zein egitasmotan laguntzen dauan kontatzen deusku bideo honetan: ‘Causa Paula’ deitutakoan, egoera zailak jasaten dabezan emakume, neska gazte eta adin txikikoak jasoz eta bertan behar daben beste denpora pasatzeko aukea emonez; Osasun Pastoraltzan eta “erregailu hiltzaileak” ezabatzeko egitasmoan. Erregailu horreek petrolioaren erauzketak sortzen dauan gasa erreten da eta osasun-arazo larriak dakartsez herriei. Ibaiak kutsatzen dabezan zabortegien inguruko jardueretan be aritzen da eta baita alkarte kichwa, suhar eta huaranien misinoan.

REPAM

Orain dala egun batzuk, Eleiz Sare Panamazonikoa – REPAM Ekuador dalakoak petrolio-isurketaren inguruko adierazpenak egin ebazan eta, gertaera honen ingurumen eta gizarte erantzukizuna euren gain hartzeaz batera, ekintza zehatzak eskatu eutsezan erakunde publiko eta pribatuetako agintariei

EKUADORREKO ELEIZ SARE PANAMAZONIKOAK – REPAM Ekuador erakundeak Sucumbios, Aguarico, Napo, Puyo, Mendez eta Zamorako Bikariotza Apostolikoen eleiz presentzia artikulatzen dau: gotzainak, Gizarte Pastoraltzarako taldeak; Caritas; Pastoral Indigena eta Ekuadorreko Nazionalitate Indigenen aldeko Eleiza Katolikoko Zerbitzariak – SICNIE Amazonikoa; Amazoniako gazte pastoraltza; Ekuadorreko Lekaime eta Lekaideen Batzordea – CER; Misiolari Lauritak; REPAMeko Idazkaritza Eragilea.