Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

Indusketa arkeologikoak hasi dabez Lekeitioko Garraitzen

created by Gaur hasi eta barikura arte |
|   Komunikazinoa

Gaur goizeko 09:00etan hasi eta barikura bitartean, goizez, Atabaka kultur alkarteko kideak, Aranzadi Zientzia alkarteko kideak eta boluntarioak Garraitz edo San Nikolas uhartean ibiliko dira beharrean. Aurtengo indusketen helburua, baseliza-komentuaren eremua izango da. Uste da toki horretan lazareto edo ospitale bat egoala eta bertan zezeilean egindako indusketetan XIV. mendeko txanpon bat aurkitu eben. Atabaka kultur alkarteak Garraitz 25 proiektua 2015ean ipini eban abian eta egitasmo honen barruan dagoz aitatutako indusketa lanok. Guillermo Ruiz de Erentxun, Atabaka alkarteko kideari egin deutse alkarrizketea Elizbarrutiko Bizkaia Irratian honen inguruko informazinoa emon daian. Alkarrizketa osoa hemen.

 

 

2015ean hasi zinien indusketa arkeologikoak egiten, ezta?

Bai hori izan zan ermita eta komentu inguruetan sondeoak egiten hasi ginan urtea.

Orain arteko lanak zeintzuk izan dira?

Inportanteena izan da ugartea bera berreskuratzea. Alde batetik ondare historiko eta arkeologiko aldetik eta bestetik, natura aldetik daukan ibilbidea be hobeto ezagutzera emon, garbitu eta beste itxura bat emoteko. Gero zehatz-mehatz esateko, arkeologikoki historian zehar ugarteak hiru erabilera euki dauz: erlijiosoa, militarra eta zibila eta arlo bakotxeko elementuren bat berreskuratu egin dogu.

Aztarna asko agertu da?

Askorik ez baina bai politak, esanguratsuak. Ermita inguruko hormak, XVII. mendeko komentuaren aztarnak aurkitu doguz lur azpian eta militar gunearen elementu batzuk. Guretzat inportanteak dira. Eta ondino, Garraitz 25 deitzen da proiektua, beraz, 2025era arte egongo gara hau lantzen. Orduan itxaroten dogu gauza gehiago agertzea bai ze badaukaguz hori baieztatzeko arrazoi batzuk.

Zeintzuk dira arrazoi horreek ba?

Esate baterako, otsailean egin genduan indusketa bat gune zibil baten gure ustez Lazareto egon zan lekuan eta 80 zentimetroko sakoneran txanpon bat agertu zan. Aranzadiko adituengana bialdu genduan aztertzen eta esan euskuen europa iparraldekoa dala, XIV. Mendekoa eta horrek adierazoten dau hor zeozer berezia dagoela. Galdera batzuk daukaguz txanpon horri egiteko: zelan etorri zan hona? Zertan? Noren eskuetan? Zelan amaitu dauan ugartean 80 zentimetrotara lurperatuta?

Eta galdera horreei erantzuna bilatzen ahaleginduko zaree?

Nik be badaukat hori jakiteko gogoa baina horretarako, etorri egin beharko dozue.

Non kokatuko dozue zuon lana?

Aurton leku nagusia izango da lazareto ingurua. Ermita-komentuaren solairua zelakoa zan ikusteko perfila amaituko dogu eta txanpona agertu zan inguruan katak egingo doguz eta gero urtetan dauanaren arabera, handik jarraitu.

Argazkiak: Joxean Saez de Okariz