Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

Indonesiako Caritas eta Elizea lurrikararen biktimei lagundu guran

|   Komunikazinoa

‘Reuters’ deritzanak goizaldean aitatutako iturri ofizialen arabera, 5.427 lagun hil dira Java irla indonesiarrean joan dan zapatuan gertatu zan lurrikararen eraginez. Horrezaz gain, 20.000 zauritu dago eta 200.000 inguru desplazatu. Honeetako asko eta asko aterpe barik dago. Bitartean, badihardu apurka-apurka iristen nazioarteko laguntza irlara, baina antolakuntza eskasak eta euriak asko zailtzen dabe bizirik egon daitekezanen erreskatea zein aitatutako laguntzaren banaketea.

Java irlaren erdian dagoan Semarang elizbarrutiko ospitale katolikoek Indonesiako irla honetako hegoaldeko kostaldea astindu dauan eta Yogyakarta hiriburutik hurran dagoan Bandung urian milaka heriotza eragin dauan lurrikaran zauritutako ehunka laguni laguntza eskeintzen dihardue. Era berean, 10 sendagile eta 100 erizainez osotutako taldea abiatu da ospitale honeetatik, kaltetutako inguruan bertan biktimei laguntza emoteko. Bost sendagile eta 25 erizainez osotutako beste talde bat ere Bandungera joatekotan da, hangoei laguntzeko.
Ezbeharrak jotako inguruan Caritaseko nazioarteko sareko adituek aurretik ziharduen biktimei laguntzen, hara joanda egozalako, Merapi sumendiaren erupzinoak eragindako alertaren eraginez, sumendi-hegaletatik desplazatutako herritarrei laguntza humanitarioa emoteko. Gainera, Yogyakartako iparraldean dagoan Pherdaki inguruan azken urteetan lekuko Caritasek bultzatutako garapen egitasmoetan ari diran Caritas sareko hainbat langilek ere bat egin dau lurrikararen biktimen aldeko sorospen lanetan.

Laguntza medikua eta aldi baterako aterpea emotea dira lehentasunak
Lekuko agintariek eskatutakoaren arabera, Caritas sareko beharginek eta Indonesiako Elizeak lehentasunak jarri dabez: joan dan barikuan Java irlako hegoaldeko Bantul ingurua astindu eban lurrikara suntsitzaileak sortu dituan zaurituei laguntza medikua eskaini eta milaka kaltetuentzat aldi baterako aterpeak atondu. Inguruko eliza katolikoen ateak zabaldu egin dira euren etxeak galdu dabezanak hartzeko eta honeei preminazko laguntza (erropak, jakiak eta oinarrizko tresnak) eskeintzeko.
Espainiako Caritasek, bere aldetik, Nazioarteko Lankidetzarako Agentzia Espainiarrak urgentziaz deitutako batzarrean parte hartu eban Espainiako beste GKE batzuekin batera, alkarregaz ekintzarako egitasmoa eratzeko, giza erantzuna emoteko lehentasunezko arloak zehazteko eta Javara larrialdietarako materiala bialtzeko hegazkinez. Gainera, Espainiako Caritasek 300.000 eurotako dirutza bialdu deutso hango Caritasi, kaltetuen laguntzarako.