Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

Ikasturtearen hasiera EBI ikastetxeen sarean

created by 10.700 ikasletik gora |
|   Komunikazinoa

Aste honetan hasten da ikasturte barria eta apurka-apurka, ikasleek gelak beteko dabez hango eta hemengo ikastetxeetan eta EBI (Elizbarrutiko Ikastetxeak-Centros Diocesanos) sareko ikastetxe eta ikastoletan. Kasu honetan, 10.700 ikasle inguruk ekingo deutse Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzan, Batxilergoan eta Lanbide Heziketan ikasten.

Joan dan ikasturtearen amaieran EBI sareko ikastetxe bat, hain zuzen be, Ondarroako Txomin Agirre ikastola, itxi egin zan eta, beste bat, Santurtziko Santa Eulalia Patronatua deitutakoa sarean sartu zan eta, ondorioz, 16 dira sarean dagozanak. Gernikako San Fidel ikastolak, bere aldetik, batxilergoa eskainiko dau.

Bizikazi

Eskolan jazarpenari aurre hartzez, bullyinga ezabatzea, funtsezko gaia da EBI Elizbarrutiko Ikastetxeak-Centros Diocesanos ikastetxe eta ikastolen sarearentzat. Arduradunek azaltzen dabenez, “hainbat mailatan lantzen dihardue gai hau irakasleekin, familiekin eta ikasleekin. Orain, gainera, EBI sarea da itunpeko ikastetxeen artean Bizikasi ereduagaz bat egingo dauan lehenengo taldea. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak garatutako eredu honi esker bullyingaren aurkako ereduetan sakontzeko eta horri aurre egiteko jarrerak bateratzeko aukera izango da”.

EBI sareko 16 ikastetxeetako ehun arduradun inguruk ekin deutso prestaketari Berritzegune Nagusiaren –hezkuntza eta barrikuntzari laguntzeko zerbitzua- eskutik, jazarpenaren prebentzinoan oinarritutako hezkuntza-eremu hau martxan jarteko. Irakasle, familia eta ikasleen artean jardunbide bat suspertu gura da, honako kasuen aurrean adi egoteko.

Bizikasi ekimenaren bidez zera lortu gura da: ikastetxeak leku seguruak izan daitezala eta bertan bizikidetza positiboa izateaz gainera, sekula ez daitela jazarpenik onartu, hau ezinbestekoa dalako hezkuntza sistemaren helburu nagusia lortzeko: ikasle guztiei lagundu euren garapen pertsonalean eta gaitasunak eta tresnak emon, gizartean herritar aktibo eta arduratsu izan daitezan.