Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

Idazle ezagunek sinatuko dabez liburuak Jakinbideren standean

|   Komunikazinoa

Eguenetik ekainaren 11ra arte ospatuko da Hareatzako nasan Bilboko 36. Liburu Azoka eta hantxe egongo da aurten ere Jakinbide Elizbarrutiko liburu-denda. Idazle ezagunak pasatuko dira bere standetik euren liburuak sinatzeko.

Bilboko Liburu Azokaren hogeita hamaseigarren ekitaldian 70 erakusketari izango dira eta honako honeek sinatuko dabez euren liburuak Jakinbideren standean: ekainaren 3an Juan Bas, Verónica Portell eta José Javier Abásolok; hilaren 4an, domekaz, Seve Calleja eta Juan Basek; ekainaren 9an, barikuz, Toti Martínez de Lezeak eta zapatuan, hilak 10, Fernando Palazuelosek. Jakinbide Elizbarrutiko liburu-denda Bilboko Ledesma kaleko 6. zenbakian dago.

Luis Baraiazarrak urrezko luma jasoko dau

Luis Baraiazarra idazle eta fraile karmeldarrak (Meñaka, 1940) jasoko dau aurten Liburu Azokako Urrezko Luma, 2003ko ekitaldian Karmelo Etxenagusia gotzain laguntzaileak jaso eban sari bera, hain zuzen ere. Baraiazarra lizentziatua da Filologian Deustuko Unibertsitatetik eta Vatikanoko II. Kontzilioko agiri guztiak jasotzen dituan eta orain hiru urte Deustuko unibertsitateak argitaratu eban “Vatikanoko II. Kontzilio ekumenikoa” (Erlijio Kulturaren bilduma saila) liburuaren itzulpenaren arduradun izan zan.
Euskaltzain urgazlea da eta Hiztegi Batua eta Gramatika sailetan jardun izan dau. “Karmel” aldizkari kulturaleko Erredakzino Kontseiluko kide izan da eta makina bat artikulu argitaratu dau aldizkari horretan eta zuzentzaile ere izan da. Bertsolaritzaren bultzatzaile lez ere nabarmendu izan da. Bostak Bat taldeko kide lez, euskerazko zortzi hiztegi eratu ditu, horreetakoren bat sinonimoena. Era berean, Euskal Herriko Elizearen historia ere itzuli dau: Elizaren historia Euskal Herrian (1995). Beranduago, Julen Urkiza idazle karmeldarragaz batera, Fray Bartolome de Santa Teresaren lan guztien euskerazko argitaraldia prestatu eban.