Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

ICARO historia eratuz

created by “Zure lekukotasunak be balio dau” |
|   Komunikazinoa

‘Fundación 2012’ dalakoak diruz lagundutako egitasmoen barruan, ICARO Zentroak eta Somorrostro Ikastegiak ahozko eta idatzizko lekukotasunak berreskuratzeko egitasmo pilotua jarri dau martxan. ICARO Zentroari jagokonez, honako hau egitasmo zabalago baten barruan dago, hain zuzen be, “zure lekukotasunak be balio dau” goiburupean, memoria berreskuratu gura dabe, historia eratu ahal izateko.

“Memoria berreskuratu, bizikidetasuna suspertu, bakean bizi” izenburuari jarraituz garatutako egitasmoaren helburu nagusia aurreko belaunaldien memoria berreskuratzea izan da, belaunaldien arteko bizikidetasuna, alkarrizketa, errespetua eta alkartasuna lako balioak suspertzeko eta Bizkaiko azken 75 urtetako eguneroko bizitzaren eta ohituren eboluzinoaz jaubetzeko, bizikidetasuna erraztu daben alderdi positiboak nabarmenduz.

“Helburu bereziak, besteak beste, honeek ziran: lekukotasunak, argazkiak eta agiriak berreskuratu eta ikus-entzunezko bat egin eguneroko bizitzan izan diran aldaketak islatzeko, bizikidetasuna erraztu daben alderdi positiboak azpimarratuz”, azaltzen dabe egitasmoaren arduradunak. Metodologia erraza erabili izan da. ICARO Zentrotik oinarrizko gidoia egin zan batzuei eta besteei alkarrizketak egin eta horreek batzeko. Somorrostro ikastegian, Andoni González eta Fernando Mielgok egitasmoa koordinatu eben eta alkarrizketan agertu eitekezan gaiak azaldu eutsezan ikasleei, esate baterako: eguneroko bizitza, ohitura aldaketa, aldaketak paisajean, jatekoak, dantzak, jokoak, euskera, Bizkaira heltzea, lana. Ikasleek bideokameraz grabatu dabez aitita eta amamakazko solasaldiak eta argazkiak eta gauzak ekarri dabez Zentrora digitalizatzeko.

Egitasmo honen emaitza gaur aurkeztuko dabe Somorrostro ikastegian, “beste mundu bat egin daikegu” goiburupean ospatzen diharduen Gabonetako astearen barruan. DBHko ikasleek euren aitita eta amamei egin deutsez alkarrizketak, lehen zelan bizi ziran, zertara jolasten eben, euren etxea zelakoa zan, zertan lan egiten eben, zertan dibertitzen ziran, zelakoa zan euren eskola, paisajea zelan aldatu zian dan,… kontatu deieen. Alkarrizketakaz 80 minutuko bideoa egin da eta, gainera, ikastetxean bertan ikusgai jarriko diran argazkiak batu dira. Han eta hemen zabaltzeko egin dan bideoa be aurkeztuko da. Bideo horretan, partaidek euren esperientzia, oroitzapenak, bizipenak kontatzen dabez, nahiz eta gitxi euki, pozarren bizi zirala erakutsiz. Gainera, ICARO Zentrotik “Somorrostro: gomutarako irudiak” erakusketa birtuala egin da: http://www.centroicaro.net/292.html

“Zalantza barik, egitasmo hau guztiz hezitzailea da, hainbat balio suspertzen daualako: memoria berreskuratu, gaitasun zibikoak garatu, nagusiakazko alkartasuna, belaunaldien arteko alkarrizketa, entzutea, esperientziaren transmisinoa. Gainera, parte hartze interaktiboa bultzatzeko metodologiaren testuinguruan, memoria berreskuratzea zan giltza, baina ez dabe garrantzi gitxiago euki urte honeetan bizikidetasuna erraztu izan daben alderdi positiboek nabarmentzeak”, azaltzen deusku Anabella Barroso Artxiboko zuzendariak. Honek, gainera, eskerrak emon ditu “Somorrostro ikastegiak egitasmo hau onartzerakoan erakutsi dauan prestasunagaitik, beste ikastetxe batzuetan jarraipena izango dauaneko itxaropena” azaltzeaz batera. “Zure erakundean antzeko zerbait martxan jarteko prest bazagoz, zalantza barik gugana jo”, dino azkenean.

Bideoa Artxiboaren eta Somorrostro ikastegiaren web orrialdeen bitartez zabalduko da.

La presentación tendrá lugar en el centro Somorrostro.