Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

“Hurrengo 40 egunak beste era batera bizi daiguzala eskatzen deusku Jesusek”

created by On Joseba Segura gotzainak Hausterre eguneko ospakizunean: |
|   Komunikazinoa

Atzo emon jakon hasiera Garizuma aldiari, parrokietan hautsa ezartzeko egin ziran ospakizunetan. On Joseba Segura Eleizbarrutiko gotzain administratzailea Bilboko katedralean ospatu zan Hausterre eguneko alkar-mezan izan zan buru. Argazkiak, hemen.

On Joseba Segura gotzainak, besteak beste, egunaren adiera aitatu eban homilian: “hautsa da egun honetako zeinu adierazgarria eta honek hauts garala eta hauts bihurtuko garala gogoratzen deusku. Ez da pentsamentu etsigarria, geure izaeraren barruan dago, izan be, gizon eta emakume ahul eta hauskorrak gara. Noizean behin, osasunez egon eta bizitzan dana ondo doakigunean, izaten garana baino gehiago garala sentitzeko joera dogunean, esklabo harek inoana gogoratzea komeni jaku: honek, erromatar konkistatzailea sartu eta jente guztia goraka eta txaloka ari jakonean, danek bere lorpen handiak eta irabazitako gerrak zirala-eta txalotzen ebenean, ‘gogoratu zeu be hil egingo zarala’, esaten eutsan behin eta barriro”.

Gotzainaren esanetan, “kontua ez da hil egingo garan pertsonak garala onartzea bakarrik, bizitzari norabide zuzena emon behar deutsagu Jainkoak emon deuskun aldi honetan, geuk kudeatu behar dogun aldi honetan, ordu bakotxa, egun bakotxa, une bakotxa aprobetxatuz eta merezi dauan zerbaiterako biziz”.

On Joseba Segura gotzainak esan ebanez, hautsa, benetan, gure izaera hauskorraren sinbolo da, baina “gure bizitzan hondatzen dan guztiaren sinbolo be bada, apurka-apurka, zikinkeriaz beteten doazan gauzen sinbolo, eta sasoi batean distiratsu zanak distira eta garbitasun hori galdu egiten dau, eta kontuz ibili ezik, hauts horrek gure alkarteak, gure Eleiza eta gure fedea estaltzen dau”.

Hautsak “gauza itsusi asko eta asko” irudikatzen dauala esan eban, esate baterako, “askotan sahiesteko modukoak” diran indarkeria eta sufrimentuak jasaten dabezan pertsonak…: “zenbat hauts dagoan gure inguruetan, gure hartu-emonetan, zenbat liskar, gatazkak baretzeko ezintasuna, zein nekeza egiten jakun parkamena eskatzea, parkatzea, hondatu diran hartu-emonak berreskuratzea…”.

Beste une batean esan ebanez, “hurrengo 40 egunak beste era batera bizi daiguzala eskatzen deusku Jesusek, eta gatxa bada be, bakotxak bere bizitza, inguruabarrak, zehazpena, mugak eta beharrizanak ditualako, araua jarri daigula. Nire ustez, era batera edo bestera, danok egokitu daikegu Jaunak gaurko ebanjelioan egiten deuskun proposamen hirukoiztar hau, zentzunez eta ze bizimodu daroagun kontuan hartuat: Lehenengo, baraua, tradizino katolikoan jatorriko balorazinoa galdu dauana. Gutako bakotxarentzat garrantzitsua dan zerbaiti uko egiteko eskatzen deusku Jesusek; limosna: danok dogu emon eta banatu daikegun zerbait, danok gauzatu daikegu maitasuna eta eskuzabal izan gaitekez geurea dan, baina bakarrik geurea ez dan, norbaitek emon deuskun doea baino, emonez eta otoitza, Kristok, eta ez gure asmo ahulek, aske eta eskuzabal egin gaizan”.

Amaieran esan ebanez, hirurren honek indar handia dau bideari ekin eta aldi hau desbardin bizi gura badogu, Aste Santu hau prestatuz eta Pazko gaubeila eta Pazko egun handiko ospakizuna prestatuz.

Atzoko ospakizuna