Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

HOACek ezinbestekotzat joten dau alkarlanean jardun eta gizarte zuzenagorako zubiak eraikitzea

created by 75. urteurrena ospatzeko jardueren hasieran |
|   Komunikazinoa

Atzo –abenduak 29, martitzena-, HOAC-BIZKAIA mobimentuak bere sorreraren 75. urteurrena ospatzeko ekitaldiei hasiera emon eutsen, lehenengo Sestaoko Andra Mari parrokian eta ostean Kasko plazan, 75 lagun ingururen partaidetzagaz. Hiru militanteen lekukotasunak entzun ebezan eta honeen esanetan, HOAC mobimentuko taldeak, fedetik parrokietan txertatuta dagoz eta baita gizarte plataformetan (alderdiak, sindikatuak eta beste hainbat alkarte) be, erronka barrieri aurre egin guran: immigrazinoa, laneko malgutasun eta mugikortasuna,… eta “bategitea, senidetasuna eta zaintzea sustatuz, pentsamoldez aldatzeko, ekonomia, politika eta gizarte egiturak aldatzeko, lanari duintasuna itzuli eta bere alkarte egitekoa beteteko bideak jarriz. Gaur, sekula baino gehiago, ezinbestekoa da indarrak batzea eta alkarlanean jardun eta gizarte zuzenagorako zubiak eraikitzea, zaintzea eta guztion ona hedatu eta lan duina ahalbideratzeko”.

2001ean inauguratu zan Sestaoko Kasko plazako langileriaren aldeko monumentuan emon eutsen amaiera atzoko ekitaldiari eta arduradunen esanetan, “eskerrak emon genduzan orain garanera ekarri gaituan historiagaitik eta Nazareteko Behargina laneko eremurik kaltetuenean aurkitzen jarraitzeko asmoa adierazo genduan”. Durangaldeko, Galdakaoko, Enkarterrietako, Ezker Aldeko, Bilboko… militante kristau eta langileek parte hartu eben. Amaitzeko, bitxikeria bat kontatzen dabe: “Sestaoko kristau alkarteak gorde izan dau ‘La Naval’ fabrikarena zan Karmeneko Amaren irudia. Andra Mari eleizan ipintea, lana bizigai dala sinbolizatzeko, sustagarri eta adore emoile izango da sinistedunentzat gizalegezko lanaren aldeko borroka eta konpromisoan irauteko”.