Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

HOAC mobimentuak Gillermo Rovirosa eta Tomas Malagon langileen ebanjelizatzaileak gogoratuko ditu

created by Esker oneko ospakizuna datorren zapatuz, otsailak 27, 19:00etan katedralean, zuzenean web orrialde honetatik |
|   Komunikazinoa

Datorren zapatuz, otsailak 27, Guillermo Rovirosaren heriotzaren 57. urteurrena eta Tomas Malagonen heriotzaren 37. urteurrena ospatuko da. Guillermo Rovirosa laikoa (1897-1964) izan zan HOAC mobimentuko lehenengo militantea eta gaur egun dohatsu autortzeko prozesuan dago. Bere aldetik, Tomas Malagon abadea (1917-1984), kontsiliario nagusi izan zan eta biek jardun eben langileen eta lan eremuaren ebanjelizazinoaren zerbitzura. Aurton bere sorreraren 75. urteurrena ospatzen dauan HOAC mobimentuak bi pertsona honeen bizitzak gogoratu eta esker oneko Eukaristia ospatuko dau datorren zapatuz, arratsaldeko zazpietan, Santiago katedralean, On Joseba Segura Eleizbarrutiko gotzain administratzailea buru dala. Eleizkizuna web orrialde honen bidez jarraitzeko aukera dago.

Guillermo Rovirosaren eskutik ekin eutsan ibilbideari HOAC mobimentuak 1946an, Eleizaren mandatuari erantzunez, orain dala 75 urte. HOAC mobimentutik azaltzen dabenez, Tomas Malagonek kontsiliario nagusiaren kargua bere gain hartzean, bere aberastasun teologiko oparoa gehitu eutsan egitasmoari: “bien artean, kristau langile militanteak hezteko oinarriak jarri ebezan, munduan eta Eleizan eben protagonismoaz jabearaziz, fedearen eta bizitzaren arteko etenbako hartu-emonean, garaien zantzuetan arreta jarriz”.

Gaur egun, langile-munduan fedearen lekuko, apostolu lez autortzen dabez: “Pertsona lehenesten ez dauan eta lana merkantzia bihurtzen dauan munduaren gizon eta emakume biktimengan Kristo aurkitzen jakin eben. Une benetan gatxak bizi izan ebezan, baztertu eta zalantzan jarri ebezan-eta, baina eurek sakontasun eta leialtasun handia erakutsi eben Eleizaren eta behartsuen aldeko jardunean. Gaur be bizirik dirau hareen pentsamenduak. Eurengandik ikasten dogu gaur egun be pobretasuna, apaltasuna eta sakrifizioa ezinbesteko urrats dirana Frantzisko Aita Santuak Fratelli tutti azken entziklikan aitatzen deuskuzan batasuna eta senidetasuna bizitzeko. Bizkaiko HOAC mobimentutik dei egin gura deutsuegu ospakizunean gugaz bat egin daizuen”.

Malagon eta Rovirosa