Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

Hiru erretaula zaharbarrituko dira Elorrio eta Portugaleten

created by Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailaren diru-laguntzagaz |
|   Komunikazinoa

Aurton, pandemia dala-eta, Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura sailaren laguntzagaz egiten diran erretaulen zaharbarritzeak atzeratu egin dira. Azkenean, hilebete honetan ekingo jako hainbaten konponketari, eta Juan Manuel Gonzalez Cembellin Eleiz Museoko zuzendariak azaldu dauanez, “hilebete batzuk barru amaituta egongo dira lanak eta erretaula honeen edertasunaz gozatu ahal izango dogu, une honetan, likin ugari pilatu dabenez, gatxa da-eta hori egitea”. Honako hiru erretaulok konponduko dira ekitaldi honetan: Elorrioko Sortze Garbia eleizako Bakardadea eta Jesusen Bihotza eta Portugaleteko Santa Maria eleizako erretaula nagusia.

Elorrioko eleizaren kasuan, aukeratutako erretaula bi honeek dira konpondu barik dagozanak. Lanak amaitu ondoren, beraz, basilika zoragarri hau distira betean agertuko da. Cembellinen esanetan, “ia bardinak diran erretaula biok 1740 inguruan eraiki ebezan, estilo barrokoan eta apaingarri oparoez: kiribilak, txirlak, gandorrak,…Euren horma-hobietatik begira doguz, titularrez gainera, San Luis Gonzaga, San Estanislao de Kostka, San Inazio eta San Frantzisko Xabier (azken bi honeek zaharrenak, 1630 ingurukoak, erretaula zaharragoren batetik hartutakoak). Gauza bitxia, danak santu jesuitak dira-eta”.

Portugaleten, 1986-1988an konpondu eben erretaula, baina urteen buruan, zikinkeria ugari batu jako eta lan honeen bidez konponduko dabezan kalte txiki batzuk ditu. Izan ere, basilika prestatzen dihardue 2022an, Portugaleteren sorreraren 700. urteurrena ospatu daitenean, dotore eta distiratsu egon daiten. “Erretaula nagusia 1533-1555ean eraiki eben, errenazimendu betean. Sasoi haretako egilerik ospetsuenek esku-hartu eben, esate baterako Bilbon bizi ziran Guiotek eta Juan Beaugrantek eta Juan Ayala II.ak. Hiru kale bertikal eta kale arteko tarteak dituan makina handia da, eta goiko antolamendua hauxe da: banku, hiru gorputz eta atikoa. Polikromiaren ikusgarritasuna erdiko kaleari dagokio eta alboetako kaleetan zura ageri da. Eta Kristoren bizitzaren hainbat pasartez eta ebanjelari, apostolu eta santuen irudiez gainera, Andra Mariaren irudia nabarmentzen da erdiko etxean”.

Enpresa honeek arduratuko dira konponketez: Áurea Restauración de Patrimonio Artístico CB (Bakardadearen erretaula, Elorrio), Equipo 7 Restauración SA (Jesusen Bihotzaren erretaula, Elorrio) eta Mercedes Bilbao Guarrotxena (Portugalete).

 

 

Elorrio