Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

Hego Amerikako Kultura arteko Gabon aldiko egitaraua martxan

|   Komunikazinoa

Gure inguruan, munduko makina bat lekutatik etorritako hainbat kultura dago eta bakotxak bere ohiturak ditu. Alkarterik jentetsuenetakoa Hego Amerikakoa da. Aurton, Meza latinoamerikarra hamargarren urteurrena ospatzen ari da eta Jainko Umearen igarotzearen hamargarren ekitaldia be ospatuko da. 2008an Xabierko San Frantzisko parrokian oinarritu zan talde bat fedearen alkarte bizipenerako eremua sustatzeko. Orduan, Riobambako (Ekuador) taldekide batek Gabon aldiko ohitura hau hemen, hain zuzen be abenduko mezaren barruan, antolatzea eta egitea proposatu eban. Harrezkero, ohitura hau gauzatzen dabe, beste hainbategaz batera.

Jaunaren jaiotzaren egunaren aurretik garatuko dira, besteak beste, bederatziurrenak, herrialde bakotxean deitura bat dabenak, esate baterako: Jainko Umearen Bederatziurrenak (Ekuador); Gabonsarien Bederatziurrena (Kolonbia); Ostatuak (Mexiko). Herrialde bakoitzari dagozkio beren-beregi otoitz batzuk eta batetik bestera desbardinak izaten dira Gabon-kantak be. Argiaren eguna be ospatzen da; Kolonbiako ohitura da berau eta “kandelatxoen eguna”, “farolen gaua” edo “argiteriaren jaia” be esaten jako. Abenduaren 7an, gauez, edo abenduaren 8an, goizaldez, ekiten deutse ospakizunari. 1854.eko abenduaren 8ra arte atzera jo behar dogu ohitura honen sorrera aurkitzeko. Orduan, Pio IX.a Aita Santuak, Maria Birjinaren Sortze Garbia, hau da, Mariak Jainkoaren semea birjina eta garbi zala sortu ebaneko erabateko aldarrikapenaren dogma, autortu eban “Ineffabilis Deus” Buldaren bidez. Garrasiak edo aldarriak izeneko ohitura be garatzen da eguonotan: Nikaraguatik etorritako usadio hau Andra Mariari eta, hain zuzen, Sortze Garbiaren egunari lotuta dago. Abenduaren 8aren bezperan ospatzen dage, egundoko jai-giroan, Ama Birjinarentzako altarak prestatuz eta kantu eta gorespenak eginez. Mexikon egiten diran “ostatuak” be ekarri dabez honantz: Maria eta Josek ostatu eske egin eben ibilaldia antzezten da. Abestuz, etxez etxe ibilten dira. Hemen abenduaren 12an, Guadalupeko Ama Birjinaren egunez, ospatzen da.

Jainko Umearen igarotzea

Ekuadortar ohitura zahar honen helburu nagusia Ume Jesusen jaiotzari omenaldia eskaintzea da. Maria Birjina eta San Jose Nazaretera Jesus jaiotzeko leku eske iritsi ziranekoan antzezten dira. Prozesinoan Jainko Umea ekarten dabe buru. Aurton, Iralako Paduko San Antonio frantziskotarren parrokiatik atarako dira, egunotan askaren sinbolismoa nabarmentzeko eta Asisko San Frantziskok emon eutsan garrantzia azpimarratzeko.

Eta urteko azken Meza latinoamerikarrean, abenduaren 16an, domekaz, jaiotza biziduna antzeztuko da. Boliviako musika-talde batek girotuko dau ekitaldia, Gabon-kantak kitxuaz abestuz. Horrezaz gainera, dantza folklorikoak (Kawsana Kushi, Ekuador; Maguare, Kolonbia; Millantu, Txile) eskainiko dabez. Portaleko agerraldia antzezteaz gainera, “gugaz bat egiten daben herrialde desbardinetako taldeen kultura aniztasuna nabarmendu gura dogu; keinu eta sinboloen bidez, abenduaren 18a be gogoratu gura dogu, Nazino Batuen ekimenez Etorkinaren Nazinoarteko Eguna ospatzen da-eta”, azaltzen dau Meza latinoamerikarrari lotutako ospakizunez arduratzen dan Johnny Vargas abadeak.

Iazko jarduera